IRITZIA

Dylan? Bob?

benat sarasola
2016ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Dylan bati Literatura Nobel Saria ematekotan Thomasi eman behar ziotela eta ez Bobi usteko dute askok. Ezagun da gainera Robert Allen Zimmerman gazteak poeta galestarrarengandik mailegatu zuela Dylan hura tabernaz taberna gitarra eta armonika aldean ibiltzen zen garaian. Bere lehenengo diskoko Talkin' New York kantuan kontatzen du nola behin kafetxe batera joan eta bertako arduradunak esan zion kirten baten moduan kantatzen zuela, han folk musikariak nahi zituztela. Jakin izan balu zeken hark mende erdi geroago ate herdoildu baten ahotsa zuen hura Samuel Beckett eta Gabriela Mistral eta Albert Camusen aldamenean paratuko zutela.

Epaimahaiak Dylanen kantugintza nabarmendu du sariaren merituak justifikatzeko, AEBtako tradizio luzea berritu izana. Hain justu atzetik aurrerako bidaia balitz bezala, idatzizko sorkuntza alde batera utzita, tradizio hori berreskuratzen dihardu azken bi urteotan, Frank Sinatrak inoiz kantatutako abestien bertsioak egiten. Nolanahi den, Dylanen lerroa, letragintzari dagokionez bederen, gehiago lot liteke ziur aski blues musikaren ondarearekin, lehen pertsonaz idatzitako kronika-istorioekin. Bereziki durduzagarriak dira jario etengabeko kantuak, lelorik gabeak maiz, lerroz lerro eramaten zaituztenak jira eta bira, Subterranean Homesick Blues (gogoan har afixez osatutako bideoklipa) edo, narratiboago bat aipatzearren, Tangled Up in blue-en gisakoak. Inork pedigri (funtzio) poetikoa eskatuko balio ere badu tona bete material: «Bakea etorriko da / lasaitasun eta distiraz suzko gurpilen gainean» idatzi zuen Changing of the Guards-en. Kantugintzatik landa, inoiz ez naiz nekatzen Chronicles: Volume One kronika liburua goraipatzeaz, literatura darion liburua, eta sariaren eszeptikoei irakurtzea gomendatuko niekeena.

Dylanek lortutako sarian literaturaren heriotzaren zantzurik topatu duenik ere bada: nola da posible idazlea ez den bati eman izana saria? Akaso ahantziak ditugu filosofo (Bergson, Rusell) eta politikariek (Churchill) ere jaso izan dutela (eta baita Echegaray-k ere). Tira, akats ugarik ez dutela beste bat justifikatzen, baina ze neurritaraino gaude prest letra larrizko nobelagileen (Roth, Pynchon, McCarthy, DeLillo) ortodoxiaz kanpoko inori halako literatur merezimendurik aitortzeko?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.