Gipuzkoako EAJk jakinarazi du Espainiako Gobernuko Ogasun Ministerioak ez dituela Tabakalera Donostiako kultura garaikidearen nazioarteko zentroarentzat bere garaian agindu zituen zazpi milioi euroak eman, eta aurreko gobernuari (PSOE) leporatu dio ez duela konpromisoa bete. Oraingoari ere (PP) diru laguntza hori ez emateko asmorik agertu ez izana egotzi dio.
Halaber, Gipuzkoako Bilduren jarrera kritikatu du EAJk, Tabakalerarako milioi horiek lortzeko kudeaketarik egin ez duelakoan. Hala, Martin Garitano ahaldun nagusiari Madrilera joateko eskatu dio, gestioak egin eta laguntza lortu ahal izateko. EAJk iragarri du Arantxa Tapia parlamentario jeltzaleak bere aldetik urratsak egingo dituela.
EAJk "kezka sakona" agertu du kultura garaikidearen zentroari buruz, uste baitu Bilduk proiektua ez duela lehentasunen artean, ez dela haren "apustu politikoa".
Ez zioen halakorik Ikerne Badiola (Bildu) Kultura diputatuak igandean BERRIAko elkarrizketan. "Oraintxe bertan, Tabakalera da daukagun proiekturik handiena, eta legegintzaldian ere hori izango da handiena", aitortu zuen Badiolak. Kultur proiektua aztertzen ari direla zioen, "lehenagotik datorren proiektua eguneratu egin behar delako, bizi garen egoera ekonomikora moldatu behar dugulako. Horretarako, funtsezkoa da zuzendaria izendatzea, zuzendariak bere gain hartu behar duelako kultur proiektua, eta Tabakaleran parte hartzen dugun instituzioekin kultur proiektu sendo bat garatu".