Espainiako Gobernuak konpromisoa hartu zuen 2011ko aurrekontuetatik zazpi milioi euro Tabakalera proiektuari emateko. Baina PSOEk hitza ez duela bete salatu zuen atzo goizean EAJk, Donostian egindako agerraldi batean. «Konpromiso horren berri ematen duen dokumentu ofiziala daukagu». Markel Olano eta Eneko Goia Gipuzkoako Batzar Nagusietako eta Donostiako Udaleko jeltzaleen bozeramaileek adierazi zuten «berri txarra» dela, «kezka sakona» sortzen diela proiektuaren «kudeaketa eskasak», eta «galdutzat» ematen dutela diru kopuru hori. Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuari leporatu diote «konpromiso politikoa» ez betetzea, eta hemengo erakundeei [Jaurlaritzari eta Aldundiari], berriz, «kudeaketa politiko egokia» ez egitea. Gipuzkoako Foru Aldundiak ohar bat atera zuen arratsaldean, EAJren akusazioei erantzuteko. «Hartutako erabakiei aurre egiteko» exijitu dio Ikerne Badiola Kultura diputatuakEAJri, eta «erantzukizuna eskatzeko» haiekin sinatutako akordioak bete ez dituztenei. Jaurlaritzak, aldiz, ez zuen gaiari buruzko baloraziorik egin.
Olanok jakinarazi zuen EAJren Madrilgo talde parlamentarioak «eskari ofiziala» egin ziola Espainiako Gobernuaren Ogasun Ministerioari, Tabakaleraren egungo egoerari buruzko informazioa edukitzeko. «2011ko aurrekontuen egoera zein zen jakin nahi genuen. Informazio ofiziala joan den otsailaren 7an jaso genuen, eta, horren arabera, 2011ko aurrekontuetan hasieratik zegoen zazpi milioi euroko kreditua Tabakalerari emateko». Une honetan, ordea, «0 eurokoa da agindutako kreditua, 0 eurokoa onartutako obligazioa, eta 0 eurokoa 2011n ordaindutako dirua». Horrek 2012ari ere eragiten dio. «Kopuru hori, EAJk PSOErekin adostutakoa, martxan zeuden lanak finantzatzeko erabili behar zen. Dakizuen bezala, 2011ko kontuak onartu genituen akordio hori zela medio. Zazpi milioi euro zeuden akordio horretan. Orain, zazpi milioi euro galdu direla da datua».
EAJren Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramaileak PPren gobernua ere salatu du, azaroaren 20tik aurrera [PPk egun horretan irabazi zituen hauteskundeak] «ekintzaren alde ez agertzeagatik». Hala ere, nabarmendu du «erantzule nagusia» Zapatero Espainiako presidente ohia dela, «bere hitza ez betetzeagatik». Aldi berean, «ezin saihestuzko» kritika egin zion Tabakalerako Administrazio Kontseiluari [Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoa Diputazioko eta Donostiako Udaleko ordezkariek osatzen dute, eta hamabost kideetatik zortzi Bildukoak dira]. «Ez dute erakutsi [PSEek eta Bilduk] erabakiak hartzeko gaitasunik. Ez dute gaiaren jarraipen egokirik egin».
Gainera, uste du Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak berak joan beharko lukeela Madrilera. «Zazpi milioi euro horiek merezi dute han kudeaketa zuzenean egitea». Dena dela, Olanok diru hori «behin betiko galdutzat» ematen du. «Penagarria da gertatu dena. Gure balorazioa ezin daiteke izan ezkorragoa».
Goiak adierazi zuen EAJrentzat Tabakalera dela Donostiaren «proiektu estrategikoetako bat». Haren uztez, baina, «batzuen zein besteen [Bildu eta PSE] arduragabekeriagatik» ez da izan « oso eredugarria». Donostiako Udalekojeltzaleen bozeramailearen iritziz, «penagarria» da proiektuan inplikatuta dauden «eragileek»konpromisorik ez agertzea. Eta atzera egin zuen bere bertsioa emateko: «2011ko uztailean, Tabakaleraren Administrazio Kontseilua martxan jarri zenean, proiektuari buruz Bilduk zeuzkan dudek sor zezaketen arriskuaren berri eman nuen. Beraz, hori ikusita, benetako konpromisoa ez zutenentzako [Jaurlaritza] momentu egokia zen atzera egiteko. Bilduk eta bere erabakitasunik ezak aitzakia eman zioten PSEri proiektua dudan jartzeko».
Goiak «dei bat» egin nahi zuela adierazi zuen. «Eragile guztiok jabetu beharko genuke 2016az haratago ere Tabakalera dela hiri honen benetako apustua. Ez bagara konturatzen proiektua estrategikoa dela, bidea zaila izango da; eta, gainera, alferrik galtzeko bidean jarriko dugu hiri honen etorkizunerako proiektu estrategikoetako bat». Diruari dagokionez, berriz, Goiak ohartarazi du kopuru hori galtzeak eragina izango duela proiektuaren aurrekontuan. Mozketen ondoren, 56 milioi eurokoa da. «Baina kopuru hori galtzearen ondorioa da hiru aldeek [aldundiak, Jaurlaritzak eta udalak] jarri beharko dituztela zazpi milioi euro horiek».
Gaiaren «jarraipena» egiteko eskatu diote EAJko kideek Arantxa Tapia parlamentariari. «Saiatuko gara diru hori berreskuratzen. Horretarako, bide politikoa erabiliko dugu», jakinarazi zuen Olanok.
Badiola: «Ezin da onartu»
Gipuzkoako Foru Aldundiak ukatu egin du zalantzak dituela edo urduri dagoela. Badiolak esan du «behin eta berriro» saiatu direla Madrilgo ordezkariekin proiektuaren finantzaketari buruzko konpromiso zehatz bat lortzen, «baina erantzuna beti zehaztasunik gabekoa izan zen, erabateko ezetza eman ziguten arte. PPk argi azaldu zuen ez zuela aurreko gobernuaren itunak betetzeko asmorik». Badiolak argitu zuen zazpi milioi euroko akordioa 2010eko urrian sinatu zela, eta Raxoi ez zela gobernura heldu 2011ko abendua arte: «EAJk argitu beharra dauka zer egin duen urte luze horretan Zapaterok bere konpromisoak bete zitzan. Orduan zergatik ez zen ezer egin?». Goiari gogoratu zion «onartezina» dela beraiek akusatzea: «Esan genion akordio horren jarraipen bat egin zezala, eta PP estu har zezala akordioa bete zezan. Akordio hori ez bete izanak gure kudeaketan arazo larriak eragin dizkigu».
EAJk salatu du PSOEk ez duela bete Tabakalerari 7 milioi euro emateko hitza
Espainiako aurreko gobernuari leporatu dio «konpromisoa ez betetzea», eta hemengo erakundeei, «kudeaketa egokia» ez egiteaAkordioak bete ez dituztenei erantzukizuna eskatzeko exijitu dio Badiolak EAJri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu