ZinemaLDIA

'Eastern Promises. Ekialdeko Europaren erretratua' atzera begirako zikloak 50 film eskainiko ditu Zinemaldian

Bigarren Mundu Gerra ostean sobietarren eraginpean bizi izan ziren herrialdeetan 2000. urtetik hona egindako zinemaren erakusleiho izango da.

'Lost and Found- Six Glances of a Generation' filmeko irudi bat. BERRIA
Berria.eus
2014ko abuztuaren 8a
11:28
Entzun

Berrogeita hamar film eskainiko ditu Donostiako 62. Zinemadiak Eastern Promises. Ekialdeko Europaren erretratua atzera begirako zikloan. Bigarren Mundu Gerra ostean sobietarren eraginpean bizi izan ziren herrialdeetan 2000. urtetik hona ekoitzitako zinemaren erakusleiho gisa. Zikloaren bitartez, "zinematografia horien sormen-aberastasuna ezagutuko dugu, baita azken hamarkadako talentu berriak ere", antolatzaileek adierazi dutenez.

Bosnia, Bulgaria, Errumania, Eslovakia, Eslovenia, Estonia, Hungaria, Kroazia, Letonia, Lituania, Mazedonia, Moldavia, Polonia, Serbia eta Txekiar Errepublikakoak izango dira, zehazki, filmak. Film horietako asko Euskal Herrian inoiz eman gabeak dira.

Matthieu Darrasek koordinatutako liburu batek osatuko du zikloa. Europa osoko hainbat kazetari eta kritikari nabarmenen kolaborazioak jasotzen ditu: Janka Barkoczi, Hana Cielova, Andreea Dobre, Maria Ferencuhova, Zsolt Gyenge, Blazej Hrapkowicz, Eva Krizkova, Anita Libor, Alexandra Olivotto, Yoana Pavlova, Vladan Petkovic, Tristan Priimägi, Ola Salwa, Stefan Uhrik eta Greta Varts-enak.

Zuzendari batzuk Zinemaldira etorriko dira, atzera begirakoaren parte diren beren pelikulak aurkezteko: Sarunas Bartas (Lituania), Kristina Buozyte (Lituania), Marian Crisan (Errumania), Mira Fornay (Eslovakia), Bohdan Slama (Txekiar Errepublika), Malgorzata Szumowska (Polonia) eta Anna Viduleja (Letonia).

Donostia Zinemaldiak antolatzen du Eastern Promises. Ekialdeko Europaren erretratua zikloa, CulturArts-IVAC erakundeak (Valentzia), San Telmo Museoak, Euskadiko Filmategiak eta Donostia 2016k lagunduta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.