Zinema. Estreinaldiak

Ebakitze baten kronika

Danny Boyle zinemagile ingelesak ezohiko pelikula egin du, '127 Hours', eta Oscar sarietarako lasterketan sartu daArroila batean harrapatutako gazte baten muturreko istorioa kontatu du azken lanean

Gontzal Agote.
2011ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Aron Ralstonek muturreko esperientziak zituen gogoko. Hona eta hara mota guztietako abenturen bila abiatzen zen; mugarik ba ote zen jakitea zen bizitzan zuen lehentasuna. Ingurukoak ez zituen askorik zaintzen, oztopoak gainditzea baitzen kezka eragiten zion bakarra. Hori dela eta, 2004an Blue John Canyonen sartzea erabaki zuen, Utah estatuan.

Bertan gauzak espero ez bezala gertatu ziren. Arroilan sartu eta gutxira, Ralston harrapatuta gelditu zen. Ez gora, ez behera, ez zuen mugitzeko aukerarik, besteak beste, beso bat harrien artean harrapatuta gelditu zitzaiolako. Inork ez zuen haren berririk, soilik minutu batzuk lehenago ikusi zituen beste bi abenturazalek jakiten ahal zuten hortik zebilela. Hil behar zuela ziur zen gazte estatubatuarra, eta horma batean heriotza iragarpena idatzi zuen.

Baina Ralstonek ez zuen horren erraz amore eman behar. Hasierako etsipena gaindituta, egoerak eskatzen zuen tamainako erabaki gogorra hartu zuen; kosta ahala kosta bizirik aterako zen. Horretarako, irtenbide bakarra ikusi zuen, traba egiten zion gorputz atala errotik kentzea. Halaxe egin zuen: hoztasun militarrez, soinean zuen labana txikiaren laguntzaz besoa ebakitzeari ekin zion. Maingu baina bizirik egotea, horixe zen haren asmoa.

Gordintasun osoz

Abenturazale horren odisea liburu batean dago jasota, eta horren berri izan zuenean Danny Boylek zinemara eramatea erabaki zuen. Ingelesari asko kostatu zaio asmoa gauzatzea, baina proiektu honekiko seta berezia zuen, eta azkenean 127 Hours aurrera ateratzea lortu zuen. Ekoizleek ez zuten batere garbi ikusten nori interesatzen ahal zitzaion horren istorio muturrekoa, ia-ia agertoki bakarrean gertatzen zena.

Baina Boyleren ibilbideak ederki aski erakutsi du sen komertzial handiko zuzendaria dela, eta oraingo honetan ere badirudi berriro asmatu duela. Filma dagoeneko Oscar sarietarako faborito nagusietakoa da, sei izendapen lortu baititu, horien artean filmik, gidoirik eta aktore nagusirik onenarenak. Boylek primeran ezagutzen du ikur urreztatuaren pisua eta laztana, duela hiru urte haren Slumdog Millionaire kaskartxoak zortzi sari eskuratu baitzituen.

Kasu honetan, apustu ausarta egin du. Ralstonen istorioaren gakoa besoaren ebakitzea zela iritzita, horri garrantzi handia eman dio, eta gordintasun harrigarriz kontatu eta erakutsi du prozesu mingarri osoa.

Horrek bete-betean jo du ikusleengan. Toronton estreinatu zenetik askok atera behar izan dute, zorabiatuta, pelikula ematen ari ziren aretotik. Ekoizleak ere saiatu ziren sekuentzia horiek anputatzen, baina zuzendariak ez zuen amore eman nahi izan.

Eta, nonbait, morboa gailendu da, zenbakiek arrazoi eman baitiote zinemagileari. Estudio handietatik kanpo eginiko pelikula izanda ere, oso harrera ona izan du AEBetako zinema aretoetan. Horrez gain, sari garrantzitsuetarako izendapen ugari pilatu ditu filmak dagoeneko: Bafta, Independent Spirit Awards, Urrezko Globoak...

27 Hours-ekin Boylek beste urrats bat egin du bere ibilbide bitxi eta arrakastatsuan. Erresuma Batutik kanpo, bere bigarren filmarekin egin zen ezagun, Trainspotting-ekin. Irvine Welshen eleberrian oinarritutako istorioa kultu filma bihurtu zen 1996an, eta, gerora, 90eko hamarkadako zinemaren nolabaiteko ikonoa bihurtu da.

Arrakasta itzel horren ostean, halamoduzko bi pelikula zuzendu zituen, A Life Less Ordinary eta The Beach. 2002an bide onera itzuli zen 28 Days After zientzia fikziozko film apokaliptikoarekin. Hurrengoa ere genero berekoa izan zen, espazio zabalean girotutako Sunshine, baina harrera hotza izan zuen. Azkenik, Slumdog Millionaire-rekin arrakastaren lasterbidera itzuli zen berriro.

'127 HOURS'

Zuzendaria: Danny Boyle.

Aktoreak: James Franco, Kate Mara, Amber Tamblyn, Clemence Poesy, Treat Williams, Kate Burton, Lizzy Caplan.

Herrialdea: AEB.

Urtea: 2010.

Iraupena: 93 minutu.

Estreinaldiak: Etzi estreinatuko dute Hego Euskal Herrian. Hilaren 23an estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.