Zinema. Estreinaldiak

Edgar Allan Poeren itzal luzea

Idazle estatubatuarra detektibe bihurtu du James McTeigue zuzendariak 'The Raven' filmean

John Cusack da Edgar Allan Poe, James McTeiguek zuzendutako The Raven-en. BERRIA.
Gontzal Agote.
2012ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Edgar Allan Poek idatzitako istorioek harreman luze eta emankorra izan dute pantaila handiarekin. James McTeiguek egin duen The Raven berri honetan, haren poemarik famatuenaren izenburua bereganatzeaz gain, idazlearen hainbat istorio bildu ditu, Poeren inguruan fikzio berria osatzeko. Berez, honako hau ez da The Raven-en oinarritzen den istorioa, idazlea detektibe lanetan jartzen duen asmazio zinematografikoa baizik.

Hain zuzen ere, The Raven izan zen zinema mutuak bere egin zuen Poeren lehen pelikula. 1912. urtean gertatu zen hori, eta, orduko hartan, Guy Oliverek egin zuen Edgar Allan Poerena. Poema berak bertsio gaurkotua izan zuen bi hamarkada geroago, The Raven (Lew Anders, 1935) pelikulan, eta, orduko hartan, Bela Lugosi handia izan zen protagonista nagusia.

Hamarkada horretan, Edgar Allan Poeren beste narrazio batzuk ere pelikula bihurtu zituzten, hala nola Murders in the Rue Morgue (Robert Florey, 1932), hori ere Lugosi beldurgarria protagonista nagusia zuena. Urte horietan, Poeren idazkietan oinarritu ziren beste film batzuk egin ziren, baina benetako loraldia, hainbat urte geroago ailegatu zen, 60ko hamarkadan, hain zuzen.

Corman eta Price

Roger Corman zuzendari estatubatuarra izan da Poeren lanekin harremanik estuena izan duena, eta harekin lotuta, ezinbestean, Vincent Price aktorearen izena agertzen da. Poe idazle kutuna du Cormanek, eta hark idatzitako istorioak irudi bihurtzearekin amets egiten zuen zinemagile gazteak. 1960tik aurrera ekin zion lan horri.

Ordukoa da House of Usher (Roger Corman, 1960), Vincent Pricerekin egin zuen lehen pelikula. Maila komertzialean nahiko erantzun ona izan zuen esperimentuak, eta, hortik abiatuta, idazlearen egokitzapen sail luzea hasi zuten Cormanek eta Pricek. 1961ean The Pit and the Pendulum; 1962an Tales of Terror, 1963an The Raven, 1964ean The Masque of the Red Death. Urte bereko The Tomb of Ligeiak amaiera eman zion zuzendariaren eta idazlearen arteko harreman oparoari.

Hortik aurrera beste zuzendari askok ere eraman izan dituzte Edgar Allan Poeren narrazioak pantaila handira, oihartzun handiegirik gabe. Horietatik ezagunena da 1968an egin zen esperimentu bitxia. Hiru zuzendari ezagunek —Federico Fellini, Louis Malle eta Roger Vadimek— Histories extraordinaries filma egin zuten. Hiru ataleko pelikula zen, eta, horietako bakoitzean, Poeren istorio baten moldaketa egin zuten zuzendariok.

James McTeigueren The Raven-ek bestelako bidea hartu du. Ez da, berez, Poeren istorio jakin batean oinarritu, eta idazlea bera bihurtu du filmeko protagonista. Horrela, azken urte hauetan beste film askok egin duen bidea segitu du zuzendariak. Izan ere, ohikoa bihurtu da idazle ezagunen biografiak asmatzea eta pelikuletako protagonista bihurtzea: Conan Doyle, Moliere, Shakespeare, Cervantes...

1848. urtean dago girotuta filma, Baltimoren, AEBetan. Edgar Allan Poe bertan bizi da, eta hiltzaile anker bat hainbat pertsona hiltzen hasiko da. Hilketa horiek guztiak eskema baten arabera gertatzen ari direla ohartuko da Polizia. Izan ere, hilketa guztiek izango dute nolabaiteko lotura idazleak idatziko istorio ezagunenenekin. Hori ikusita idazlearengana joko du poliziak, ikerketan laguntzaile izan dadin.

'THE RAVEN'

Zuzendaria: James McTeigue. Aktoreak: John Cusack, Alice Eve, Luke Evans, Brendan Gleeson, Kevin McNally, Pam Ferris. Herrialdea: AEB.

Urtea: 2012.

Iraupena: 110 minutu.

Estreinaldia: Gaur estreinatuko dute Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.