Literatura

Eduard Limonov idazlea eta aktibista errusiarra hil da

Emmanuel Carrerek hari buruz idatzitako liburu batek egin zuen ezagun mundu osoan.

Eduard Limonov, iazko maiatzean, Beste Errusia alderdiaren mitin batean. MAXIM SHIPENKOV / EFE
Berria
2020ko martxoaren 17a
19:21
Entzun

Eduard Limonov gaur hil da, Moskun, 77 urterekin, haren alderdi Beste Errusiak jakinarazi duenez. «Gaur, martxoak 17, Eduard Limonov hil da. Detaile guztien berri bihar emango dugu», adierazi du ohar labur baten bitartez.

Limonovek 1970eko hamarkadaren amaieran hasi zuen literatur ibilbidea, eta ordukoa du lehenengo eleberria: Ni naiz, Édichka. Ordurako Sobietar Batasunetik alde eginda zegoen; lehenengo New Yorkera jo zuen, eta gero, Frantziara. Han, Parisko literatur zirkuituetan lekua egin zuen, etaezagun egin zen berehala, bere iritzi politikoak zirela eta: nazionalista errusiar eta boltxebiketzat zeukan bere burua.

Parisen segitu zuen idazten, eta 1991n, Sobietar Batasuna desegin ostean, jaioterrira itzuli zen, politikan aritzeko asmoz. Alderdi Nazional Boltxebikea sortu zuen 1993an —bera izan zen presidentea—, eta, hura legez kanpo utzi ostean, Beste Errusia sortu zuen 2010ean. Azken urteetan, Vladimir Putin presidentearen etsai porrokatua izatera iritsi zen.

Limonovek poesia eta prosa idatzi zituen, eta baita testu politikoak ere, baina munduarentzat Emmanuel Carrere idazle frantziarrak idatzitako Limonov liburuak (2011) egin zuen ezagun. Lan mardul horretan, Carrerek Limonoven bizitza eraman zuen orrietara, biografia, kazetaritza eta autofikzioa nahastuz, eta arrakasta handia izan zuen.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.