Eduardo Txillidaren Gnomon II eskultura Koloniako (Alemania) Baukunst arte galeriatik desagertu zen atzo. Bildumazale pribatu batek galeriari utzi zion lana Txillidaren omenezko erakusketa antolatzeko. 1984an sortutako altzairuzko eskultura da, 15 kilo pisatzen du, eta 23 zentimetroko luzera eta 26 zentimetroko zabalera du. Atzo arratsaldean desagertu zen. Momentu hartan zortzi pertsona ari ziren erakusketa ikusten, eta haietako bat izan zela uste du Poliziak. Galeriak bost mila euroko saria eskaini du artelana aurkitzeko aztarnarik ematen duenarentzat. Txillidaren familiari laguntza eskatu diote berria zabaltzeko; izan ere, Euskal Herriko eta Espainiako Estatuko merkatuetan sal daitekeela pentsatzen dute.
Eskultura beste zenbait lanekin batera zegoen galerian; horien artekoak dira, besteak beste, Lurrak serieko terrakotazko hainbat eskultura, beste material batzuekin eginiko eskulturak eta zenbait marrazki. Txillidaren heriotzaren hamargarren urteurrenarenaren harira antolatutako erakusketa hori urtarrilaren 27an inauguratu zuten, eta martxoaren 31ra arte egongo da zabalik. Txillidari estimu handia diote Alemanian, eta Kolonian haren inguruko erakusketa bi dituzte orain bertan. Baukunst galeriakoarekin batera, Boiseree galeriak ere erakusketa antolatu du artista omentzeko.
Txillidaren lan lapurtuak
Alemanian desagertutakoa ez dalapurtutako haren lehen lana; izan ere, artistaren hainbat lan lapurtu izan dituzte aurretik. Getafen (Espainia) lapurtu zuten azkena, 2010ean. Beste zenbait autoreren 34 lanekin lapurtu zuten. Pablo Picasso, Fernando Botero, Gonzalo Gonzales, Cveto Marsic eta Antonio Sauraren lanekin, besteak beste. Txillidaren lana egun batzuk geroago agertu zen txatartegi batean; lapurrek oso diru gutxiren truke saldu zuten. Horri esker, lapurtutako beste 33 lan topatu zituzten furgoneta batean.
Eduardo Txillidaren lan bat lapurtu dute Alemanian
Kolonian euskal artistaren lanekin osatutako erakusketa batetik eraman dute 'Gnomon II' eskultura
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu