Edward Saiden Palestina

Palestinan jaio arren, ibilbide akademiko eta literarioa AEBetan osatu zuen Edward Saidek. Postkolonialismoaren pentsalaririk gorenetako bat izan zen, eta autobiografia batean ere jaso zuen bizi guztian garraiatu zuen lekuz kanpo egotearen sentipena.

Edward Said pentsalari eta idazle palestinarra. BERRIA
Edward Said pentsalari eta idazle palestinarra. BERRIA
2024ko otsailaren 25a
05:10
Entzun

Palestinak munduari eman dion pentsalaririk garrantzitsuena da Edward Said (1935-2003). Jerusalemen jaio, Kairon hazi eta bigarren hezkuntzatik aurrera Ameriketako Estatu Batuetan bizi zen palestinarra ez zen inoiz itzuli hara, baina, itzultzekotan, nora itzul zitekeen? Izan zena ordurako desagertua zen. Betirako izango da Ulises galdua. Saidek Columbia Unibertsitatean literatura katedra zuen: batetik, literatura ikertu zuen; bestetik, ideologiak irakurtzeko modu berriak bultzatu zituen, postkolonialismoaren ahots garrantzitsuenetarikoa izanik.

Hamid Dabashi adituaren arabera, Saidek literaturaren eta ideologiaren gainean egindako ikerketa lerroak elkarri loturik daude, hots, biek dihardute mimesiaren inguruan; beraz, literaturari buruz dioena ulertu gabe ezin da bere pentsamendu postkoloniala ulertu. Saiden aburuz, arrazakeriaren eraikuntza hizkuntzaren erabilera jakin batean oinarritzen da; esate baterako, terrorista hitzaren erabilera. Horrekin loturik, palestinarren aldeko aktibista ezagun bihurtu zenean, irain gisa Edward Saidi «terrorearen katedraduna» deitzen zioten Ameriketako Estatu Batuetako talde sionistek. Gezur bat etengabe errepikatzen bada, egia bihurtzen omen da.

Lekuz kanpo bizitzearen zailtasunak

1991n leuzemia diagnostikatu ziotenean, Edward Saidek bere bizitza idaztea erabaki zuen. 1999an Out of Place autobiografia plazaratu zuen. Bere identitatearen eraikuntzaren kontaketa da, zeina haurtzarotik abiatzen den, eta gaztaroaren bukaeran amaitzen. Bere bizitzaz idazteko zuen xedea, hain zuzen, txikitatik lekuz kanpo izatearen sentipenaz hausnartzea zen. Honela dio hasierak, eta honako abiapuntu zirraragarri honek jada erakusten du autobiografiaren maila: «Familia guztiek asmatzen dituzte euren gurasoak eta seme-alabak, bakoitzari ematen diote istorio bat, izaera bat, patu bat, hizkuntza bat barne. Betidanik zegoen zerbait oker ni asmatu ninduten moduan eta nire gurasoen eta arreben munduarekin bat egiteko eran».

Haurtzarotik ikasi behar izan zuen bere izen-abizenen artean, hau da, kulturen arteko kakofoniarekin bizitzen. Batetik, Edward, hain izen anglofiloa, Edward printzearen ohorez aukeratua; eta, bestetik, Said, hain abizen arabiarra. Haurtzarotik bere burua ikusten du kulturen artean leku jakin bat aurkitu nahian. Gurasoen kokapena ez zen ohikoa: familia aberatsa eta kristaua. Maiz, amak ingelesez hitz egiten zion, baina Said gazteak ez zion entzuten azentu jakinik, ezin zuen antzeman nongoa zen amaren ingelesa. Gaztetan, bai ikastetxe ingelesean bai estatubatuarrean ikasi zuen, oso testuinguru kolonialetan, eta ikastetxe horietan bizi izan zuen lehendabizikoz bere gorputza gorputz arrazializatu gisa. Betidanik izan zen ikasle mugitua, autoritatearen kontra ekiten zuena. Irakasleek, baita gurasoek ere, pentsatzen zuten ez zuela gauza handirik egingo bizitzan.

Saidek aztertu zuen nola garai kolonialetik abiaturik arabiarren bizitzak beti gatazkatsu errepresentatzen ziren; eta 'Out of Place' autobiografian, bere bizitza kontatuz, palestinarren bizitzak humanizatu zituen

Eskolako urte aldrebes horietan, Saiden ezkutalekuak liburuak eta filmak izan ziren. Istorio batean murgiltzen bazen, demagun hainbeste maite zuen Tarzan filmean, bere buruan, erdi esna, erdi lo, jarraipena ematen zion. Liburuen eta filmen barrenean gelditzen zen mutikoa. Bestalde, musika zuen bere buruaren eta emozioen arteko lokarria. Piano jotzaile fina zen, eta haren  ibilbidean musika klasikoak garrantzi handia du. Familian amarekin partekatzen zituen liburuak, euren arteko harreman estua literaturak elikatzen zuen. Aitarekin, aldiz, ezintasunetik eraikitako hitzik gabeko harremana zuen. Autobiografian argi dago familiaren harremanak, helduaroan, psikonalistaren eserlekuan, ondo astindu zituela. Hori horrela izanda, ez du hizkuntza psikoanalitikorik erabiltzen, kontakizun literarioak beti du pisu handiagoa.

Oso emankorra da The Question of Palestine saiakera (1979) autobiografiaren osagarri gisa irakurtzea. Hizkuntzaren erabileran jartzen du arreta: arazo, auzi, gatazka hitzak beti palestinarrekin lotuz, komunitate baten errepresentazio ezkorra bultzatu ohi da. 1948ko galera ulertzeko, testu kolonial britainiarrak irakurriz, britainiarren eta sionisten antzeko hizkuntza azpimarratzen du: palestinarrek ez daukate kulturarik, herri atzerakoia eta txiroa da, ez dute ezer galtzeko; beraz, sionistek europarren lekua hartu beharko lukete, modernizazioaren izenean. Horretaz gain, hasieratik izandako indar asimetriari buruz ere azterketa bikaina eskaintzen du, balio handikoa gaur egungo egoera aztertzeko: israeldarren sarraskian 1.200 lagun hil ziren, eta Gazan ia 30.000 hil dira.

Deshumanizazioaren kontra

Badago gurean Saiden autobiografiak gauzatzen duena ulertzeko egokia den liburu garaikide bat: Amets Arzallusek eta Ibrahima Baldek elkarlanean ondutako Miñan liburua (Susa, 2019). Bien arteko lotura bestearen deshumanizazioak bideratzen duen bazterkeria litzateke. Ideia hori Amets Arzallusek oso garbi azaldu du DAPAk eginiko dokumentalean: «Askotan migrantearen errealitatea zenbakietan ematen zaigu; oso konkretua dirudi, baina azkenean abstrakzioaren itsasoan galtzen da. Deshumanizatua gelditzen da matematika horretan, eta, bestetik, aktualitatea oso modu frenetikoan jasotzen dugu gaur egun».

Hori dena ekiditeko, irakurleak konkretuki pertsona bat bere ahotsean, bere istorioan, bere gorputzean entzutea nahi zuen, patxadaz eta pentsatuz. Hitzaren indarra denboran datza. Miñan liburuaren antzera, Out of Place autobiografian zehazki pertsona baten ahotsa, kontakizuna eta gorputza ditugu, Saidena, eta, haren bitartez, palestinarren bizitzak humanizatzen ditugu. Saidek, ikerlari gisa, aztertu zuen nola garai kolonialetik abiaturik arabiarren bizitzak beti talde gisa, beti txiro, beti gatazkatsu errepresentatzen ziren; eta bere bizitza kontatuz, gizabanakoen bizitzak ditugu. Hain zuzen ere, Said lekuz kanpo sentitzen zelako izan zen gai ideologiak hain modu finean aztertzeko.

Gaur egun telebistaz ematen ari diren genozidioa, armak hartu baino lehen, deshumanizazioaren hizkuntzarekin eraiki zen. XX. mende hasierako Peruko Jose Carlos Mariategi pentsalariak esan zuen «geurea da gizakiarena den guztia», eta, proposamen etiko horri jarraituz, Edward Saiden pentsamendua geurea da. Geureak dira gaur egun eskolatu gabe dauden haur palestinar guztiak, geureak dira oraintxe bertan hildakoen ondoan esnatzen diren haur palestinar guztiak, eta geureak dira familia palestinarren orain odoldu eta etorkizun zauritu guztiak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.