Bakarka gutxitan aritzen da bertsolaria oholtza gainean. Bertsolari parearen edo taldearen artekoa izaten da plazako jokoa gehienetan, baina «esperimentu bat» abiatuko dute gaur iluntzean. Andoni Egaña eta Unai Elizasu, bertsolaria eta gai-jartzailea, parez pare eta elkarrekin ariko dira aldi berean, beste inor gabe. Bakarrik egingo dio bakoitzak aurre saioari. Esperimentazioa izango dute lanabes nagusi, eta «laborategi» gisa Doka Donostiako kafe antzokia hautatu dute Bertsolaria bere bakardadean saio sortarako.
Hamar hilabete iraungo du esperimentuak, eta beste horrenbeste bertsolari ariko dira Dokan. Gai-jartzaile bat izango du alboan bakoitzak; Unai Elizasu eta Josu Goikoetxea ariko dira, txandaka, lan horretan. Ezohiko egoera batean jarriko dira biak. «Plazetan egiten ez dugun hori egitea da helburua; bertsolariekin probatzea eta bertsolariak ere proba dezala, saioaren erantzukizun guztia guregan izango delako», Elizasuren hitzetan. Hainbat ariketa ez zaizkio arrotz egingo entzuleari, baina bai formatua, bakarka aritzea.
Bi parte hartzaileak saioa baino lehen elkartuko dira, bien artean «arakatuko» dituzten gaiak zehazteko. Hala egin dute Egañak eta Elizasuk jada. «Gure ikuskera abanikoa neurri batekoa izaten da jaialdi edo lagun arteko saioetan. Kasu honetan, abanikoa askoz ere gehiago zabaltzen da; ez gara Dokara joango plazan egiten duguna egitera, beste zerbait egin ahal dugun probatzera baizik». Gai-jartzaile den aldetik, ariketa interesgarria iruditzen zaio Elizasuri. «Ohiko formatuetan, egiturak eta ikuskizunaren ildoa oso barneratuta edukitzen ditugu; badakigu nola orekatu bertsolariak, bakoitzari zer... Kasu honetan, bigarren plano batean geratzen da hori. Gaiak sortzeko erabiltzen dugun prisma zabaltzen dugu». Hori beste saioetarako aberasgarria gertatuko zaiela uste du.
Urtea amaitu bitarte Jon Maia, Amets Arzallus eta Maialen Lujanbio pasako dira Dokatik, eta urtarrilean Gipuzkoako txapelduna eramaten saiatuko dira. Aurrerago jakinaraziko dituzte gainerakoak. Gaur 20:00etatik aurrera irekiko dute laborategia. «Ezin dugu saio on bat bermatu, ez baitakigu zer aterako den, baina gauza berriak bilatzeko nahi eta ahalegin bat bai behintzat».
Egañak eta Elizasuk irekiko dute Dokako «laborategia»
Gaur hasita, bertsolari bat eta gai-jartzaile bat ariko dira 'Bertsolaria bere bakardadean' saio sortan hilero
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu