Denok irakurtzen genuen orduan denok marrazten denok margotzen denok kantatzen, baten batzuek idazten. Bizitza berritu beharra geneukan, diktadura politikoak beste diktadura asko bermatu zituen, gizonezkoena esate baterako, gizonezko kontzientziadunona. Gure aurkako panfletoak idazten zituen Aleksandrak, izen huraxe hartu zuen, , burua zurdamotz uzteko kendu ilajearekin batera jaurti zuen zaborretara familia liburukoa, ageriko gerrilla baterako nortasun berria hartuak geunden denok, bestelako Euskal Herri bateko toponimo ibiltariak ginen. Txurdok umetako izen komantxe arapajo kiowa txeiene haiek hartu behar genituela berriro errepikatu zuen maiz: arte laborategi bana gure gorputzak. Emakumearen lehendabiziko lotura gona zela, bigarrena bularretakoak zirela, gizonezkoek asmatu jantzi haiek, esan zuen Aleksandrak «Emakumea, familia, sexualitatea» izenarekin antolatu zuen aste feministako hitzaldietarik batean. Moila transatlantikoan paperolarako egurra deskargatzen zuten bafore sobietikoren batetik hartuko zuela izen berria, kapritxoa neskarena. Gero ikasi genuen nondik norakoa, Gorkak argitu zigun, beharrik, inork Aleksandrari berari xalo galdetu baino lehen. Brankanidatzia ekarriko zuen baforearen esperoan egon ginen, baina puntaletako garabilarietan debiletako makinistetan atrakadetako ofizialetan zetozen Kollontaiak, hori aitortu egin behar zitzaien sobietikoei, emakumezko marinelak zeuzkaten bakarrak ziren, ez zitzaien ardura munduko zamaketariek marmarrean jardutea, komunismoak zapaldua zaukak emakumea, behazak, emakumea horrela, gizonezkoen artean, lan horietan. Non é traballo para unha muller. Mahoizko praketan gurea ere, gonaren loturarik ez, baina ez genizkion bularrak dingilian nabaritzen praken gainetik kamisoi laburrarena egiten zuten atorra koadratu lasai haien azpian.
Akabatu eginen haugu, Paulov!
Erraiak uluka txirrina entzundakoan.
Gure zakil lainezartuak amorru bakarrean.
***
Altxatzera egin nuen baina besotik heldu ninduen Gorkak alde egiten banuen lekua utziko nuela, behatzeko nor zetorren. Bai, lekua uzten banuen jesarri eginen zen, berriketan hasiko zen ezer gertatu izan ez balitz bezala, bertan gelditzen banintzen haren zurikeriak entzun beharko nituen ordea, ezin eramana. Heldu zen, uste dut inork ez ziola begitartea eman, zimitorioan egina geneukan hormamargo gaitzari beha jarraitu genuen, langileriaren nekeak patronalaren ankerra elizaren jokabidea. Aleksandra detaileak hartzen ari zen bere Leica M4 harekin. Irudi haiei beha jarri zen Luis ere.
—Polita dago gure eliza oraintxe, kanpoan santuak.
Dena asimilatzen zuen gibel hark.
—Deabruak dauzkatela aldamenean! Horregatik dira santu, deabruen munduan bizi direlako!
Gorkak tu egin zuen plazara, Luisen ukondoaren ondotik iragan zen karkaxa zementua ilundu baino lehen.
—Ez al dakizue? Langileak antolatu egin ziren, batzorde bat izendatu zuten jainkoarengana jotzeko. Behe horretan barrikada ipini diagu, hi zer aldetan hago? Orduan jainkoak definitu beste erremediorik ez zuen izan!
Elizatik landa bilatzen zuen santutasuna, lanaren infernuan zapalketaren gordinean produkzioaren katean. Hator, hator egin zidan eskuarekin Aleksandrak, «Gordeidak lekua!» nik Gorkari ozen. Harengana joan nintzen, aditzei buruzko galderaren bat, gau eskolan hasi behar omen zuen, bakerik ez. Festetako aldizkarirako amaitu berria zeukan artikulua irakurriko nuenetz, «tasun» gehiegi ikusten zizkiola, laguntza beharrean omen zen. Etxean zeukala artikulua, «Etorriko?», horixe erregutu, agindu, gutarik inork espartina sartu ez zuen etxe hartara. Aurkatu nion, saiatu nintzen, irakasle ibiltzeak ez zidala idazteko talenturik ematen. Ohartu nintzenerako ferraje beltz bihurriek astunduriko beirazko ateari bulkaldi gogor bat ematen ari nintzen inork ikusi baino lehen abantada batean sartzearren. Igogailuaren deia egin zuen. Horrelaxe esan zidan, «Igogailuan igoko gara». Bitxikeria ustetu zitzaidan orduan hitz hori, «igogailua». Garestiz eginiko kaiola, elizako lurrin bat, netol, argizari, dena ezpainetako lapitzarekin idazteko mirailez paretatua, bai, emakume batekin itxian sartzeko zen hura. Seigarrenari sakatu zion aurrezki kutxetako bulegariek igandeetan jakaren sakelan ageri zituzten boligrafoen botoien antzekoak zeuzkan zilarrezko plaka distiratsuan. Persiako alfonbra zati bat neukan sandalien azpian, hegan nindoan behintzat.
—Hemen ez dago ezer autentikorik, dena axalekoa da.
—Horixe esatekotan nengoen.
—Ni eskaileretatik igotzen naiz beti.
Areto hartako pareta nagusiak antzinako gramofono-altzaria, sabairainoko zurezko liburutegi itsugarria zeuzkan apaingarri, gaztaina edo haritz sendoa edo kaoba lakatua, nik al nekien, tomo gehienak larruzkoturik. Beste nonbait edukiko zuten telebista, gero telebista gu bezalako jendailarentzako tresna zela pentsatu nuen, etxe hartan opera diskak dastatuko zituztela afalondoan.
—Zer ari zara?
—Barkatu, hor eseriko banaiz alfonbra zapaldu behar dut.
Beha geratu zen harrituarena eginez, sakelan erdisartu nituen sandaliak. Udaberriko belardia zangozolan, ilaje gorri ezin garbiago hura. Aplike diskretuak hormetan, nordikoaren juzkua egin nion zutikako bat sofaren ondoan. Dena axalekoa, ezer autentikorik ez.
—Ez dizut erakutsiko, oso txarra da.
Eskuan zeukan, ezagutzen nuen damu hura, baina intelektualen konfiantzan geunden, ez zuen entzun beharko ez zela deus ulertzen.
—Txarra da edo gaizki idatzia dago? Tasun horiek gizontasun ez baldin badira, ez da txarra.
—Mozoloa!
Liburu aurrerapena
Egarri egunak portualdean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu