Peio Cachenaut zubererazko lehen film luzea izango denaren gidoi egilea da. Zinemazale amorratu honek dioenez, formatu luzeko film bat egitea nahi zuen, «irudiei arnasa emateko».
Film luzea zubereraz... Hori ez al da erronka gaitza? Zein izan dira formatu hau hautatzeko arrazoiak?
Nik neuk ez ditut hainbeste maite zinemagintzako formatu laburrak, ordu laurden, hogei minutu inguruko filmak edo. Denbora aldetik garatzeko aukerarik duten istorioak ditut gustuko, oren bat eta erdi inguru irauten dutenak. Pentsatzen dut formatu luzea behar dela, zinemako irudiek arnasa har dezaten.
Zubererazko lehen film batentzako, zergatik jo duzu fikziozko gidoi batera, eta ez dokumental batera edo Zuberoako eguneroko bizian oinarrituko zen istoriobatera?
Dokumentalaren erak, egia aitortzearren, ez nau hainbeste interesatzen, egile gisa esan nahi dut. Lan honen bidez adierazi nahi nuenarentzako, fikzioa zen, nire irudiko, molderik egokiena. Egiaren edo, hobeto esan, egia baten islatzeko, fikzioaren saihesbidetik igaro behar dela iduri zait.
Filmaren generoa aipatzeko, nola definituko zenuke? Komedia bat al da? Edo, seguruago, drama bat?
Drama antzeko bat dela esango nuke. Film ilun bat bezala definitu daiteke, nahiz eta amaiera aski argitsua duen. Haatik, goibeltasun tonu bat antzemango zaio. Azken batean, zinemako nire gustuak horrelakoak baitira ere. Zehazki, Stanley Kubrick batek edo David Lynchek egiten dituzten filmak ditut gustuko.
Gidoia idazteak denbora asko hartu dizu? Zailtasunik eman dizu, ala ez?
Gidoia idazteko bi urte inguru eman dut, baina tarteka nintzen horretan ari. Lan honetan buru-belarri aritu banintz —nire lanagatik ezinezkoa zen— lauzpabost hilabete beharko nukeen, gutxi gora behera. Zailtasunari dagokionez, zer esango nuke? Denbora batean, historiaren haria bilatzen ari zara, norat jo behar den sobera jakin gabe, eta bat-batean une bat iristen da, non hari hori begi bistakoa agertzen zaizun. Hortik aurrera, lana errazagoa bihurtzen zaizu. Puzzle baten egitea bezala da: azken pieza eskuko duzula iruditzen zaizularik, lanaren erdia egiteko geratzen bazaizu ere, oso azkar badoa.
Aktore guztiak aurkitu dituzue ala oraindik asko falta?
Oraindik asko falta da. Hurrengo fase bateko erronka hauxe da, hain zuzen. Kargu nagusietako hiru jokatzaileak bai aukeratuta daudela, eta honek jada halako lasaitasun bat ematen digu.
Zenbat arizale egongo da, oro har?
Rol nagusiez mintzo bagara, lauzpabost lagun izango dira. Berba egin behar duten guztiak zenbatuz gero, hamar bat aktore daude, gehienetik jota. Haatik, figurante mordoa ere beharko da. Une batean, esaterako, kontzertu baten eszena dago, eta horretarako bai figurante asko beharko dugula.
Peio Cachenaut. Gidoi egilea eta zuzendaria
«Egiaren islatzeko, fikziotik igaro behar dela iduri zait»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu