John Doe. Musikaria

«Egiazkotasuna eta soiltasuna atzematea da garrantzitsuena musikan»

Los Angelesko X punk-rock taldean hasi zuen musika ibilbidea, 7oetako amaieran, eta 90eko hamarkadaren hasieran bakarkakoari ekin zion, country-rock moldeetara hurbilduta. Donostian joko du gaur.

gorka erostarbe leunda
2012ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Euskal Herrian aurrenekoz izango da gaur John Doe musikaria (Decatur, Illinois, AEB, 1954),Donostiako Gazteszenan (22:00etan), Dock of the Bay jaialdian; Rafa Berrio ariko da aurretik. 60ko hamarkada amaierako eta 70eko hasierako soinua duen rock and roll modura definitu du Keeper bere disko berria. «The Rolling Stonesen Let It Bleed edota The Banden izen bereko diskoaren tankerako soinuarekin eta filosofiarekin egindako diskoa da».

Los Angelesko punk mugimenduan hasi zenuen musika ibilbidea. Orain rock, blues eta country musikatik gertuago zabiltza. Nolakoa izan da zure bilakaera?

Bilakaera geldoa izan da. Blues eta country western erroak beti egon dira nigan; baina hasieran, X taldeko kide nintzela, punk-rocka egiten genuen, hau da, abiadura gehiago sartzen genuen, orain abiadura mantsotu dut, country-rocka egiteko.

Punk musika entzuten duzu orain?

X taldekook Pearl Jam taldearen biran aritu ginen duela hilabete batzuk, Hego Amerikan; horrenbestez, punk-rocka entzun beharra nuen. Hala ere, gaur egun ez dut punk-rocka entzuten.

Ibilbide luzea duzu musikaren munduan, bai X taldearekin eta baita bakarka ere. Zer irakaspen atera duzu bakoitzetik?

[Barreak] Bizitzan ikasitako gauza berberak ikasi ditut musikan ere. Ona eta inportantea zer den eta zer ez den ikasi dut. Ahaztu beharrekoa eta kontuan hartu behar ez dena zer den ere ikasi dut.

Eta zer da zuretzat garrantzitsua gaur egun musikan?

Egiazkotasuna eta soiltasuna atzematea da garrantzitsuena musikan. Gauzak modu zuzen eta sinplean egitea da zailena musikan, eta horren atzetik nabil. X taldearekin baino melodia gehiago bilatzen ditut, akaso; baina, gainerakoan, berdina da batean zein bestean.

Nahiago duzu jendeak rock musikaritzat hartzea ala kantugiletzat hartzea?

Neure burua entretenimendu sortzailetzat daukat. Entretenimenduaren bila ari naiz batez ere. Garai zailak dira mundu osoan, eta dibertimendua eragitea inportantea da oso. Gauza sakonez ere hitz egiten dugu, eta, musikari dagokionez, batzuetan gogorxeago eta besteetan leunago aritzen naiz, baina ez dago pop musika egin beharrik entretenimendua egiteko.

Zuretzat zer da musika gaur egun?

Nire bizitza da. Sorkuntzarako dudan tresna eta modua da batetik, baina baita nire bizitzeko modua ere. Niretzat ez da bizimodu gogorra. Oso jende ona daukat alboan. Diskoak grabatzen eta kontzertuak ematen jarraitu nahi dut. Hori ez litzateke posible nire adiskideei eta familiari esker ez balitz.

Amerikako Estatu Batuetatik kanpoko musika entzuten duzu, beste kontinente eta herrialde batzuetakoa?

Batez ere AEBetako musika entzuten dut. Argentinako tango zaharra ere entzuten dut azkenaldian. Baina batez ere nire herrialdekoa. Besteak beste, Joana Newson eta Black Keys gustatzen zaizkit.

Kontzertuak ala estudioko grabaketa saioak nahiago dituzu?

Inoiz ez dut aukerarik izan estudio batean denbora luzez egoteko zerbait grabatzen. Grabaketa saio laburrak egin izan ditut eta ondo pasatu izan dut gehienetan, baina, zorionez, bidaiatzea eta zuzenean kantatzea izugarri gustatzen zait. Ez dago zuzenean aritzea bezalakorik.

Oraindik baduzu kantuak idazteko beharra?

Bai, hori da nire ogibidearen parterik garrantzitsuena. Keeper azken lanerako kantuak idazten ia hiru urte igaro nituen.Oso zoriontsu izan naiz bi-hiru urte horietan, eta horregatik kostatu zait hainbeste kantuak idaztea. Zoriontsu zaudenean gehiago kostatzen baita. Baina kantuak idazteko ezinbestekoa da esna eta adi egotea. Hori baino ez dut behar kantuak idazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.