Literatura

Egilea, berregilea eta oinordea

Jorge Luis Borgesek 'El hacedor' argitaratu zuen 1960an. Agustin Fernandez Mallok hura berregin du aurten, 'El hacedor (de Borges), Remake' liburuan. Azken lan hori dendetatik erretiratu egin dute berriki, Borgesen oinordearen lege ordezkariek hala eskatuta. Polemikatik harago, kontuak badu mamirik.

2011ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Marrazoen modukoak gara kazetariok. Odol tanta bat sumatu orduko, aztoratu eta haginka hasten gara, nork mami gehiago ahoratuko. Plagio, zentsura eta antzeko hitzak idatzita, puztu egiten ditugu polemikak, askotan afera horietan egon daitekeen funtsari erreparatu gabe. Azkena, honakoa: Espainiako Alfaguara argitaletxeak liburu bat erretiratu du dendetatik, Jorge Luis Borgesen alargunaren eskakizunei men eginez. Literatur munduko polemika bat gehiago da hau, harrigarria eta neurri handi batean ulertezina. Saiatuko gara, hortaz, zentzugabetasunetik zentzu apur bat ateratzen?

Joan den otsailean, liburu berria eman zuen argitara Agustin Fernandez Mallo idazle galiziarrak. Ezin argiago zegoen lan horren oinarria, izenburutik bertatik hasita: El hacedor (de Borges), Remake. Fondo beltzean, urrezko bihotza erakusten du azalak —maitasunaren erakusgarri, beharbada—. Berregileak zera argitu nahi izan zuen: bere liburua ez dela inondik ere Borges modernizatzeko saioa, oraindik ere «erabat modernoa» baita. Liburu kuttun bat hautatu, eta haren egiturari jarraituz, berregin egin zuen, besterik gabe.

Baina, asmoak asmo, gaizkiulertzeak, ezin ulertuak eta ulertu nahi ezak eragin ditu berregileak. Alfaguara argitaletxeak ohar baten bidez adierazi zuen erretiratu egingo zuela remake delakoa, afera argitu bitartean. Borgesen alargun Maria Kodamak, berriz, aitortu zuen ez duela zorioneko liburua irakurri, baina ez duela berregilearen aipamenik egin nahi, «propagandarik ez egitearren». Kontua bere abokatuen eskuetan dagoela zehaztu zuen, dena den.

Aurrez aurre

Remake hitz ingelesak «berregin» esan nahi du berez, eta gehienbat zineman erabiltzen da. Iturri nagusitzat aurreko lan bat duen piezari deitzen zaio hala. Remake literarioak ez dira hain ohikoak, edo, behintzat, ez zaie hala deitu ohi. Batzuen ustez, bertsio horiek perbertsioak baino ez dira. Tira. Egin dezagun bi liburuen arteko konparazione ttipi bat.

Egitura aldetik, berregileak pausoz pauso jarraitu dio El hacedor lanari: hitzaurrea, ipuinak, poemak, eta hitzatzea. Atalen izenburuak ere mantendu egin ditu, hitzez hitz. Borges egileak Leopoldo Lugonesi eskaini zion hitzaurrea; berregileak, berriz, Jorge Luis Borgesi. Hitzaurreko lehen zortzi lerroak kalkatuak dira, eta hortik aurrera hasten da berregilea bariazioak sartzen. Juan Benet idazleari aipamena egiten dio, baita Joy Division musika taldeari eta azken-aurreko aita santuari ere.

Ipuinetan, ordea, bestelako ariketa azaltzen zaigu. Izenburua mantendu arren, berregileak oso bestelako kontuak aipatzen ditu. Beti dago Borgesen lanari zeharka egindako aipamenen bat, baina bai luzera aldetik, bai idazkera nahiz gaien tratamenduaren aldetik ere, arras testu diferenteak dira. «Ipuin bakoitzetik hartu nuen neuri komunikatzen zidana, eta beste testuinguru batean berridazteko hautua egin nuen», adierazi zuen Fernandez Mallok. Poemen kasuan, izenburuak iradokitzen ziotena hartu zuen oinarritzat, edukia alde batera utzirik.

Atzera ere, testuak errepikatu egiten dira hitzatzean, erreferentziak eta esaldi batzuk aldatuz. Egileak dio: «Gauza gutxi gertatu zaizkit, gauza asko irakurri ditut»; berregileak, berriz: «Gauza gutxi gertatu zaizkit, are gutxiago irakurri ditut». Baina argi dagoena zera da: Fernandez Mallok sakonki irakurri duela Borges, eta haren «omenaldi» edo dena delakoak argi uzten du irakurketa oro dela berridazketa. Aurkezpenaren egunean, «multimedia bokazioz» idatzitako liburu bat zela esan zuen berregileak, eta iragarri zuen aurrerago edizio elektronikoa ere aterako dela.

Autoreak eta autoritatea

Borgesek berak zioen literatura guztia dela beste literaturetatik berregindako materiala. Originaltasunik ez dela existitzen, dena dela «bigarren eskuko literatura». Hartara, berregiletzat har genezake Borges egilea, edo, urrutiago joanda, literaturaren oinordetzat. Egunkari honetan bertan, Anjel Lertxundi eta Mikel Hernandez Abaitua idazleek oso lerro argigarriak idatzi dituzte afera honetaz; azken horrek ondoko orrialdean, hain zuzen ere.

Badirudi autoreek baino autoritate gehiago erakutsi duela Kodamak. Hala eta guztiz ere, galdera batzuk gelditu dira airean: berak eskatu al du liburua erretiratzeko, ala bere lege aholkulariek? Egile eskubideek ba al dute zerikusirik? Izan ere, Kodama kexu zen ez ziotelako baimenik eskatu El hacedor izenburua erabiltzeko. Uste baino sinpleagoa izan daiteke kontua, edo beharbada, uste baino konplexuagoa. Eta hau guztiau marketin operazio bat balitz?

Kalapitak kalapita, zoritxarreko afera honek zorioneko egin gaitzake, fokuak oso liburu interesgarrien gainean jarri dituelako. Alabaina, fokuei begira itsututa gelditu ordez, hobe genuke arreta literaturara itzuliko bagenu, eta hari buruz jardun, aitzakia edozein delarik ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.