Nick Saloman. The Bevis Frond taldeko abeslaria eta gitarrista

«Egiten dugun musika ez da pastiche bat; bihotzez egiten dugu»

Rock psikodelikoak gaurdaino iraun badu, hein batean, The Bevis Fronden gisako taldeen burugogorkeriari esker iraun du. Nick Saloman buru duen taldea Andoainen ariko da gaur, Andoaingo Rock jaialdian.

BERRIA.
Julen Aperribai.
2017ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Glamour-ik eta gehiegizko esposiziorik gabe, baina etenik gabe; hala jardun du bere musika ibilbide osoan Nick Salomanek, The Bevis Frond taldeko gitarrista eta abeslariak. Agian horregatik kaleratu ditu taldeak hiru hamarkadatan 22 disko, eta jarraitzen du oraindik errepidean, bere rock psikodelikoa batetik bestera eramanez.

The Bevis Frond sortu zenuenerako, hainbat taldetan aritua zinen. Zertan zen desberdina The Bevis Frond?

Nire material propioa sortu nahi nuela erabaki nuen, eta ez hainbeste talde bateko beste partaide bat izan. Nik neuk konposatu, eta gustuko nuen musika jo nahi nuen, jendeak gustuko izango zuen ala ez kontuan izan gabe. Ez nuen inongo diskoetxerekin kontraturik sinatu nahi, horrek, nire kasuan behintzat, ez baitu funtzionatzen. Autofinantzatu egin nuen Miasma [1987], nire lehen lana, eta aurrez egina nuen beste ezer baino arrakastatsuagoa izan zen, nahiz eta horrek ezer askorik ez duen esan nahi.

Rock psikodelikoaren eta garai hartan modan jartzen ari zen rock alternatibo deiturikoaren arteko nahaste moduko bat egitea al zen zure asmoa?

Ez neukan aurrez zehaztutako planik; besterik gabe, gustuko nuen moduko musika egin nahi nuen. Horregatik, nire musikak gustuko dudan guztiaren eraginak dituela uste dut. Ez nuen modako zerbait egin nahi, edo garaiari zegokion zerbait. Mugimendu baten parte izaten saiatzean, normalean, ibilbide motza izaten duzu. Gustuko nuena egitea zen nire asmoa.

Garaiagatik, behintzat, punk mugimendua bete-betean harrapatu zenuen. Zer-nolako eragina izan zuen zugan?

Hamabost bat urterekin hasi nintzen kontzertuetara maiz joaten, 1960ko hamarkada amaieran. Ordutik aurrerako musika mugimenduak bertatik bertara bizi izan nituen, tartean punka. Londresen bizi nintzen: leku ederra garai hartan, gauza asko gertatzen ari baitziren. Marquee Club, Roundhouse eta halako lekuetara oinez joan nintekeen. Gustuko nituen talde gehienak ikusi ahal izan nituen.

Garai hark eta Londresek markatu egin zintuen, beraz.

Hala uste dut. Nire musika beti izan da inguruari oso lotua. Badira AEBetakoen gisako musika egiten saiatzen diren talde ingelesak. «We were walking down in Memphis» [Oinez gindoazen Memphisen] eta halako gauzak esaten dituzte. Niri beti iruditu izan zait ergel samarra hori egitea. Abestiak idazterakoan, Londresko eta Ingalaterrako erreferentziak sartu ohi ditut, eta nire azentu ingelesari eusten diot. Oso gogoko dut AEBetako musika, baina ez da hori neure sentitzen dudana.

Motorrarekin izandako istripu baten ondorioz, ezkerreko besoaren mugimendua apur bat galdu zenuen. Musika ibilbidearekin jarraitu zenuen, halere.

Besoa nolabait konpondu zidatenean, mugimendua mugatu egin zitzaidan, eta, oraindik ere, hala dut. Ezin dut luzatu besoa, baina gitarra jo dezaket, zorionez. Biolina joko banu, hortxe amaituko zen nire ibilbidea. Gitarra baten moduan jo beharko nuke [barreak].

Inolako mugarik ekarri al dizu besoa mugitzeko zailtasunak?

Ez du ezertan mugatu nire musika. Hasieran, zaila egiten zitzaidan gitarra jotzea aurrez egiten nuen modu berean. Ukondoa ezin dut ondo mugitu, eta, ondorioz, kosta egiten zitzaidan eskuarekin gitarraren mastila inguratzea. Neure buruari erakutsi behar izan nion akordeak beste modu batera jotzen. Behin hori lortu nuenean, ez zitzaidan hain zaila egin jarraitzea.

Istripuari esker hasi omen zinen zure material propioa ekoizten. Hala al da?

Bestela ere, seguru asko, egingo nukeen, baina, istripuaren ostean, hiru urteren ondoren, konpentsazio bat jaso nuen. Jasotako dirua nahikoa nuen grabagailu bat erosi eta estudio bat muntatzeko, eta horrela hasi nintzen. Disko bat grabatu eta diskoaren 500 kopia inguru ateratzeko adina banuen. Hala, lau pistako grabagailu arrunt batekin ekoitzi genituen The Bevis Fronden lehenengo hiruzpalau lanak. Istripuaren ondorio txarrak asko izan dira, baina, modu batean, lagundu zidan egin nahi nuena bideratzen. Aukera berri bat eman zidan.

Ordutik 22 disko kaleratu ditu taldeak. Zeri zor zaio hain kopuru altua?

Ez dut denbora asko igarotzen estudioan, baina egunero hartzen dut gitarrarekin eseri eta kantuak konposatzeko tartea. Zorionez, ez zait oso zaila egiten, eta kantu sorta polit bat dudanean disko batean biltzen ditut. Oso prozesu naturala da.

Zuk zeuk sortutako Woronzow Records zigilu independentearekin kaleratu dituzue ia disko guztiak. Ekoiztetxe handiagoekin lan ez egitea taldeak hartutako erabakia al da?

Nik neuk egin dezaket, eta horrekin gustura nago. Norbaitek milioi bat libra eskaini izan balizkit ez dakit hartuko nituen, baina inork ez dizkit inoiz eskaini. Columbiak interesa azaldu zuen nire lanaren inguruan, baina nik ez nuen haiekin hitz egiteko asmorik agertu. Gazteagoa nintzela, hainbat zigiluren atea jo nuen, baina ez zuten ezer jakin nahi izan. Ondoren, konturatu nintzen nire kabuz egin nezakeela. Nik interesa nuenean, haiek ez zuten, eta, aldiz, haiek interesa agertu zutenean, nik ez nuen haien beharrik sentitzen.

Rock psikodelikoa egiten jarraitzen duzue. Inoiz pentsatzen al duzu jorratzen duzuen musika estilo hori zaharkitua geratu ote den?

Nire musika oraindik bizirik dagoela uste dut; egiten duguna ez da aurrekoaren pastiche bat. Bihotzez egiten dugu egiten duguna. Bestalde, elementu psikodelikoak badiren arren, beste era askotako ukituak ere suma daitezke gure abestietan. Azken batean, jendeak abesti onak estimatzen ditu, eta halakoak egiten saiatzen naiz. Zeure buruarekin fidel izaten saiatu behar duzu beti, nire adinera iristean bereziki. Ez du zentzurik beste zerbait izaten saiatzeak.

Aldaketarik izango zen taldean, hala ere, 30 urtean. Zertan, batez ere?

Gehienbat, hitzetan, esango nuke. Zahartuz zoazen heinean, gauzak ikusteko modua ere aldatuz doa. Zahartzeari eta heriotzari buruzko kezkak agertzen hasten dira, eta horrek eragina du nire abestietan. Inguruan ditudan egoerei buruz hitz egiten dut. Orain, nire abestietako asko heriotzari eta gaixotasunei buruzkoak dira [barreak].
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.