"Ilusioz beteta" eta "lanari gogor" ekiteko asmoz, gaur aurkeztu dute Oriol Roch Euskadiko Orkestrako zuzendari nagusi berria. Proiektu "serioa" dela azaldu du katalanak, aukera asko dituen orkestratzat baitu Euskadiko Orkestra Sinfonikoa. Hala, aukera "on" eta erronka gisa hartu du kargua.
Orkestra aurretik ere ezaguna duela adieraziz, "kalitatezko" aukerak eta ezaugarriak dituela azaldu du. Ezaugarri on horiek dira, zuzendari berriaren esanetan, orkestra Espainiako panorama musikalean maila "onean" ezarri dutenak. Halaber, nazioarteko proiekzioa duen orkestra ere badela eman du aditzera Rochek.
Hemendik aurrera, orkestrarekin egindako lanean hiru erronka nagusi izango dituela adierazi du. Horietako bat, eguneroko lanari esker orkestrak izan dituen lorpenak bere horretan mantentzea izango da. Nazioartean presentzia izatea ere "ezinbestekoa" dela azaldu du, eta bertan egoteko lana "oso gogorra" bada ere, hori lortzeko orkestrak "bigarren martxa" bat jarri eta helburua lortuko duelako "ziurtasun osoz" dago. Azkenik, egun orkestrak Euskal Herrian presentzia handia badu ere, oraindik "garrantzia" handiagoa eskuratzea posible dela azaldu du zuzendari berriak.
Hala, beraz, berea "sukaldeko" lana izango dela adierazi du Rochek; ikusten ez dena baina emaitzak lortuko dituena.