“Top erakusketak” Bilboko Guggenheim museoan “low cost soldatekin” egiten direla. Hori salatzeko antolatu dute greba eguna gaur Manpower Group Solutions enpresaren bidez azpikontratatutako hezkuntza saileko langileek. Puppy txakurraren aurrean egongo dira egun osoz, eta hantxe egin dute beren egoera azaltzeko prentsaurrekoa ere. “Gure egoera prekarioa da”, azaldu dute.
Lizentziatura, hizkuntzak eta masterra eskatzen ditu enpresak postua bete ahal izateko, baina langileek salatu dute ikasketarik gabeko lanpostuei dagozkien soldatak dituztela. Orduko 5,35 euro da langile horien oinarrizko soldata gordina, eta gehigarriekin ere, gehienez, 12,30 euro ordaintzen diete ordua. Ez dute hilabeteko lanordu kopuru gutxienekorik. Prestaketa orduak ez dizkiete ordaintzen. Aparteko ordainsaririk ez dute jasotzen jaiegunetan edo gauez lan egiteagatik, eta ez dute antzinatasunik. Eta horiek guztiak salatzeko egin dute mobilizazioa. Egun bakarrekoa izango da greba printzipioz, baina litekeena da hurrengo asteetan berriz ere protestaren bat egitea. “Datorren astean bilkura dugu enpresarekin, eta gertatzen denaren arabera hartuko dugu erabakia”.
Langileek diotenez, ordea, erantzukizuna ez da enpresarena soilik. Haien ustez, hezkuntza saileko 18 langileek duten egoeraren arduradun dira Guggenheim museoko patronatua osatzen duten Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Solomon R. Guggenheim fundazioa ere. Erakunde publikoek jokatzen duten rola da, izan ere, museoetako lan gatazkak ulertzeko klabeetariko bat. Haiek egiten dituzte deialdi publikoak museoetarako enpresak kontratatzeko eta haiek ezartzen dituzte enpresa kontratatuek bete beharko dituzten baldintzak ere. Hezkuntza langile azpikontratatuek salatu dute, ordea, enpresarik “merkeena” hautatzen dutela aldiro erakundeek, “lan kalitatean horrek duen eragina kontuan izan gabe”.
Subrogazioa ezartzeko eskaria
Irailaren 30ean amaituko da Bilboko Guggenheim museoak Manpower Group Solutions enpresarekin duen kontratua, eta bidean da, beraz, hurrengo hezkuntza zerbitzuak eskaintzeko deialdi publikoa. Hor eragitea da langileen asmoa. Irabazle suertatzen den enpresari ezarritako baldintzen artean subrogazioa ezartzeko eskatzen dute. Hala egingo balitz, kontratua lortzen duen hurrengo enpresak egun lanean ari diren langileak kontratatu beharko bailituzke, eta hala ziurtasun handiagoa izango bailukete langileek.
Aspalditik dator ezinegona, Berriak orain aste bete kaleratutako Euskal Herriko museoetako lan baldintzei buruzko artikuluan zehazten zenez, baina ikusgarritasun berezia hartu du gaiak azken asteotan. Izan ere, 41 egun eman dituzte greban Bilboko Arte Ederren Museoko langil azpikontratatuek beren lan baldintzak hobetzeko eskatuz. Subrogazioa eta soldata igoerak eskatzen zituzten, nagusiki, eta uztailaren 18an enpresarekin lortu zuten hitzarmenarekin amaitu zen protesta.