Egun osoko egitaraua izango du euskal sorkuntzak Berlinalen

Gaur abiatuko da zinema jaialdia eta hemezortzi film izango dira Urrezko Hartza jasotzeko lehian

Inigo Astiz
2012ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Euskal Herriko kulturaren lagin bat Berlinera eramatea da asmoa. Izan ere, gaur abiatuko da Berlinale zinema jaialdia Alemaniako hiriburuan, eta euskal sukaldaritzari eta musikari txoko bat egiteko baliatu nahi izan dute aukera Eusko Jaurlaritzak, Etxepare Institutuak eta Basque Culinary Center zentroak. Euskal sorkuntzari eskainitako egun osoko egitaraua antolatu dute etzirako.

Euskadiren Eguna izendatu dute larunbatekoa. Espainiak Alemanian duen enbaxadan abiatuko dira ekitaldiak, eta gastronomia eta zinema izango dira egitarauaren ardatzak. Gastronomia, artea eta gizartea izeneko mahai ingurua eskainiko dute Joxe Mari Aizeaga Basque Culinary Center zentroko zuzendariak, Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendariak, Andoni Luis Aduriz, Elena Arzak eta Eneko Atxa sukaldariek eta Thomas Struck-ek, Berlinalek sukaldaritzari eskainitako programaren zuzendariak. Felipe Ugarte Mugaritz BSO filmaren musika egilearen kontzertua izango da gero. Gauez filmaren estreinaldiaren izango da, eta Adurizek prestatutako afaria gero.

Ruper Ordorikak ere kontzertua eskainiko du etzi Berlinen, Mediengalerie aretoan, eta Konstantza hiriko antzokian izango da astelehenean. Euskal kultura eta gatazka politikoari buruzko kongresu bat ere antolatu du Etxepare Institutuak Konstantzako Unibertsitatean astelehen eta asteartean. Euskal idazleak eta literatur adituak izango dira.

Ohorezko saria, Meryl Streep-i

Gaur abiatuko da Berlinale zinema jaialdia, eta 400 bat film emango dituzte hilaren 19ra bitartean. Hemezortzi izango dira, ordea, lehiaketa ofizialean parte hartu eta hartz itxurako garaikurra jasotzeko aukera izango dutenak. Benoit Jacquot, Alain Gomis, Frederic Videau, Brillante Mendoza, Paolo eta Vittoro Taviani, Spiros Stathoulopoulos, Billy Bob Thorton, Christian Petzold, Kim Nguyen, Wan Quan'an eta Frederic Videau zuzendarien filmak izango dira, besteak beste. Meryl Streep aktoreak jasoko du ohorezko Urrezko Hartza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.