Literatura

‘Egunero hasten delako’ gogora ekarriko dute Poesia Orduek

Ramon Saizarbitoriaren eleberriaren zati hautatuen irakurraldi musikatua egingo dute, hilaren 9an, Donostiako Viktoria Eugenian

Ramon Saizarbitoria idazlea. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Berria
2019ko irailaren 3a
09:15
Entzun

Lur argitaletxeak Ramon Saizarbitoriaren Egunero hasten delako eleberria argitaratu zueneko 50 urte bete dira aurten, eta urteurren hori gogoratuko dute Donostian datorren astean egingo diren Poesia Orduek. Euskal Jaien inguruan antolatu ohi dituzte Poesia Orduak Donostia Kulturak eta Euskal Idazleen Elkarteak, eta, aurten, hilaren 9an eta 10ean egingo dira, astelehenez eta asteartez.

Hilaren 9an, Egunero hasten den musika ekitaldia egingo dute, 19:30ean, Viktoria Eugenia antzokiko Club aretoan. Egunero hasten delako eleberria argitaratu zuteneko 50. urteurrena ekarriko dute gogora saioan Saizarbitoriaren obra osoko zati hautatuen irakurketa musikatua eginez. «Saizarbitoriaren mundu literario eta musikalean barnako bidaia bat izango da. Horrenbestez, bidaia sentimental bat, idazlearena, baina baita, neurri batean, euskal kulturaren ikur bihurtu den belaunaldi oso batena ere», adierazi dute antolatzaileek.
Ekitaldia Beñat Sarasolak koordinatu du, eta honako hauek hartuko dute parte: Koruko Heras (pianista), Koldo Izagirre (testuen itzulpena), Iban Zaldua (narratzailea), Lourdes Oñederra (narratzailea), Susana Mendiola (pianista), Jabier Muguruza (abeslaria), Irene Ojanguren (abeslaria), Txeli Oroz (zeharkako txirula) eta Mertxe Parra (pianista).

‘Munduko poesia kaia’
Asteartean, berriz, Munduko poesia kaia ikuskizuna taularatuko dute Iraia Elias aktoreak, Jose Luis Otamendi idazle eta errezitatzaileak eta Noemi Viana dantzariak.

Munduko Poesia Kaierak egitasmoa 2014an jarri zuen abian Susa argitaletxeak, eta, orduz geroztik, 30 ale kaleratu ditu. Bilduman argitaratutako poemek ardaztutako emanaldi horretan, ahotsez eta mugimenduz gorpuztuko dira bilduma osotik ateratako testuak. «Poesia errezital hibridoa izango da, zeinean poesiaz galdekatuko duten umorez egileek, eta errezitatutako poemak gorputz mugimendu bilakatuko diren».
Bi ekitaldietarako sarrerak doakoak izango dira, eta Viktoria Eugeniako lehiatilan banatuko dituzte emanaldien egunetan bertan, 17:00etatik aurrera.

Saizarbitoriaren Egunero hasten delako eta Txillardegiren Elsa Scheelen liburuek 50 urte bete dituzte aurten, eta haiei eta haiek utzitako arrastoari buruzko erreportaje sorta argitaratu du Berria-k joan den astean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.