Literatura

Eguneroko bizitza, partida nagusiaren jokaleku

Hamasei ipuinek osatzen dute 'Hilen logika ezkutua', Jabier Muguruzaren hirugarren narrazio liburua.

Jabier Muguruza. JUAN CARLOS RUIZ, ARGAZKI PRESS
Juan Luis Zabala
2014ko urriaren 29a
14:20
Entzun

Hirugarren narrazio liburua du Jabier Muguruzak (Irun, Gipuzkoa, 1960) Hilen logika ezkutua. Aurrekoak Bizitza pusketak (1996) eta Laura kanpoan da (1999) dira, haiek ere, argitaratu berria bezala, Ereinek plazaratuak. Laura kanpoan da argitaratu zuenetik, denbora eta indar gehiago eskaini dio Muguruzak musika sortu eta zuzenean emateari, literatura idazteari baino. Azken hiru urteetan, ordea, adiskide idazle batek Erlea aldizkarian ipuin bat argitaratzeko proposamena egin zionez geroztik, berriro lotu zaio idazteari, berezkoena duen generoan, ipuingintzan.

Hamasei ipuinek osatzen dute Hilen logika ezkutua, nahiko laburrak denak ere. “Liburuak Hilen logika ezkutua du izenburu, baina berdin izan zezakeen Popular Problems (Leonard Cohen gogoan) edo Eguneroko bizitza”, azaldu du Jabier Muguruzak, “beste behin errelato gehienak lurralde horretan kokatuta daudelako; lurralde horretan non partida nagusia, gutako bakoitzarena, jokatzen den, nire ustez. Nahiz eta batzuek eguneroko bizitza aipatu eta berehala errutina eta asperdura hizpidera ekarri. Begiradan dago gakoa. Beste behin, narraziootan ez da ezer harrigarririk gertatuko. Ez da hainbeste gogaitzen nauten su artifizialik, ateraldi ingeniosorik. Baina espero dut literaturan kontu txundigarririk bilatzen ez duenak orrialde hauetan gauza dexente topatuko dituela, testuan modu inplizitu samarrean badaude ere”.

Eguneroko bizitzako kontu txikiek maiz askotan errealitate indartsuen isla eta adierazpen izan ohi direla adierazi du Iñaki Aldekoa Erein argitaletxeko editoreak, eta horrelakoak atzematen eta horiekin literatura egiten trebea dela Jabier Muguruzak.


 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.