Lantokietako inprimagailuen mahaikide, ospitaleetako medikuen laguntzaile edo hegazkinean igo aurretik saihestu ezinezko hesi. Eskanerrak dira, eguneroko bizitzan aurki daitezkeen makinak. Haien presentziaz ohartu zen Leire Bilbao (Ondarroa, 1978), bere bigarren poema liburua idazten ari zela. «Konturatu nintzen eskanerra eguneroko bizitzako elementu bat gehiago bihurtu zela eta egunero topo egin dezakegula eskaner batekin». Hori horrela, eguneroko bizitzako elementuak bere eskaner propiotik pasa ditu, itxuraz ezkutuan dagoena begi bistan jartzeko. Hala osatu du Scanner, Susa argitaletxeak kaleratu duen poema liburua.
Sei ataletan banatu du liburua, eta bakoitzean gai bat landu du. Guztiek dute harremana; guztiek eramaten dute liburuaren muinera, identitatera. «Gaur egun, hemen eta orain dagoen norbanako batez ari da, horren identitateaz eta identitate hori osatzeaz. Emakumea naizen aldetik, batzuetan emakumearen ahotsa nabarmen agertzen da». Familia, sorkuntza literarioa, gorputza, animaliak, bidea eta norabidea izan ditu hizpide.
«Introspekzio ariketa bat»
Ez du gogoan noiz erabaki zuen idazten ari zen horri Scanner izena ematea, baina badaki zergatik: «Argi neukan eguneroko bizitzako elementuekin egin nahi nuela. Eta pentsatu nuen oso egoki zetorkidala eskaner bat. Halako objektu arrunt, hotz eta a priori ez poetiko bat hartzea eguneroko bizitzako elementuak kontatzeko».
Eskanerrak berak daukan funtzioak ere harrapatu zuen izenburua aukeratzerakoan. Irudiak zein testuak gordetzen dituzte batzuek; besteek, berriz, barrura begiratuta ikusten dutena begien bistara jartzen dute. «Eta pentsatu nuen: idazten dugunean ez al dugu horixe bera egiten? Irudiak, testuak gordetzen goaz, barrura begiratzen dugu, gure barrura, ingurukoen barrura, gauzen barrura; eta ikusi edo ikusi uste duguna begi bistara jartzen dugu». Horregatik, poema liburua osatzeko prozesuan «introspekzio ariketa bat» egin behar izan du, berari eta bere inguruari begiratuz.
Liburuari berari ere pasatu dio eskanerra idazleak, azaletik hondoraino. «Soiltasunaren aldeko apustu nabarmena» egin du itxuran, apaingarri gutxirekin. Barrurago joatean bada korapilo gehiago. «Liburuko atal bakoitzean bada halako hari fin bat, atal guztiak lotzen dituena. Hurrengo atalean zer datorren pista ematen du». Hariari tiraka hezurretara heldu da, gaietara; horietan, eguneroko gaiak jorratu ditu. Data zehatz bat du abiapuntu liburuak: 1977ko urria. «Ni jaio aurreko bederatzi hilabetean». Familiaz eta sorkuntzaz mintzo da lehen atal horretan. Bigarrenak sorkuntza literarioa du ardatz —«idazle kutunetako batzuk lerratu» zaizkiola aitortzen du—. Gorputzaren inguruan ere egin du gogoeta, hori ere «sorkuntzarako bide moduan, plazererako bide moduan». Poema laburrenak atal horretan bildu ditu; poemek «estilo eta arnasa ezberdinak dituzte». Surrealismorako joera duten poemak ere badaude, animaliak tarteko,baita «elementu ez-poetikoekin» egindako poesia ere. Azken poema horietako bakoitzean ibilgailu ezberdinak ekarri ditu gogora Bilbaok.
Elurraren isiltasuna atalak hartzen ditu azken orrialdeak. «Nora noa? Non nago? Elurra egiten duenean dena estaltzen eta isiltzen da, eta ez dakigu noiz egingo duen berriro. Atal honek puntu eta jarrai bat izan nahiko luke». Hasitako bide horri jarraipena emateko aukera izango du. Abenduaren hasieratik errezitaldiak emango ditu, musikaz lagunduta.
Eguneroko bizitzaren erradiografia
Leire Bilbaok identitatearen inguruan egin du gogoeta 'Scanner' poema liburuan, «eguneroko bizitzako elementuak» hartuzSei ataletan banatu du bilduma; bakoitzak «hari fin bat» du, atal guztiak lotzen dituena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu