Ondarea

Egungoaren mugakide den alor batean berregingo dute Omako Basoa

Ia hiru aldiz handiagoa izango da Ibarrolaren lana hartuko duen pinudi berria, eta 2022ko udarako zabaldu nahi dute bisitarientzat, nahiz eta 2023an egongo den erabat bukatuta. Ibarrolaren familiak gidatuko ditu lanak.

Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia eta Jose Ibarrola artista Omako Basoaren kokapen berria aurkezten. MONIKA DEL VALLE/ FOKU
Inigo Astiz
2021eko irailaren 24a
13:02
Entzun

«Birlandatze bat da, birgaitze bat, birkokatze bat, bir-zerbait da, itxuraz, hitz zehatzik ez duena». Jose Ibarrola artista eta Agustin Ibarrolaren semeak hiztegiaren mugetatik harago jo du Omako Basoa berritzeko proiektua deskribatzeko hitz zehatzaren bila, eta esku hutsik itzuli da. Agustin Ibarrolak 1983 eta 1991 urteen artean margotutako arbolak hiltzen ari dira, ordea, eta Bizkaiko Foru Aldundiak eta artistaren familiak ez dute haren obra pinuekin batera hiltzerik nahi. Horregatik, urtea da aldundiak artelana lekualdatzeko proposamena egin zuela, eta gaur aurkeztu dute kokapen berria. Egungo basoaren ondo-ondoan egongo da baso berria, mugakide den pinudi batean. Milioi bat euroko aurrekontua izango dute lanek, eta 2023ko udan egongo da erabat bukatuta, nahiz eta 2022an, jadanik, bisitariek izango duten joateko aukera, artelan multzorik garrantzitsuenak ordurako pintatuta egongo direlako.

Jose Ibarrola seme eta artistaren hitzetan, Ibarrolaren jatorrizko ideiari fidela zaio proiektua. «Kanpotik irudi lezake hau land-art interbentzio bat dela, eta, beraz, iraungikorra dela, baina uste dut gure aitak sekula ez zuela sentitu land-art-a egiten ari zenik. Erabili egin zuen natura, beti egiten zuena egiteko. Horregatik, proiektuak ez ditu inolaz ere haren lengoaia eta helburua perbertitzen». Bera arduratuko da artelana gune berrira moldatzeko lan artistikoez, eta, «puzzlea» berriz muntatzea izango du egiteko nagusia.

Ia hirukoitza

Guztira, 27 kokapen posible aztertu, eta, azkenean, egungo basoaren mugakide den basoa hautatu dute obra berregiteko. Basobarri. 13 hektarea izango ditu, eta, hortaz, egungo Omako Basoaren ia hirukoitza izango da baso berria. Bertako arbolak 30 urteren bueltan dabiltzala jakinarazi dute, eta sasoi betean direla. Gunea morfologikoki ere «bikaina» dela esan dute arduradunek, eta, egungo basoaren mugakide izanik, aldundiak ez du sarbide eta azpiegitura berririk eraiki beharko.

Basoa handiagoa izateak Ibarrolaren lana erabat garatzeko aukera ematen duela azaldu du Jose Ibarrola semeak. Eta baita, urteen poderioz, desagertutako eta kaltetuta suertatutako artelanaren zatiak berreskuratzeko ere. Izan ere, hasiera batean, hiru jabe zituzten Ibarrolak margotutako pinudiek, eta ez zuten beti ulertu artistaren lana. Margotutako 127 zuhaitz ebaki zituen haietako batek, adibidez, paper fabrika bati saltzeko. Gerora, Bizkaiko Aldundiak erosi egin zituen lurrok, 1999an, baina hiru jabeetako batek eztz esan, eta, beste hamar arbola gehiago moztu zituen.

Gutxi «berridaztea» helburu

Pinudi komertzial guztiak «antzekoak» direla azaldu du Jose Ibarrolak, eta horrek lekualdatzea erraztuko duela. Ordea, onartu du bi basoak morfologikoki ezberdinak izanik, ezinbestekoa izango dela egokitzapena. Errespetuz jokatzea izango da klabea, kasu horietan. «Saiatuko naiz ahalik eta gutxien berridazten, eta idatziko dudana Agustinek [Ibarrolak] basoan idatzi zuen bezala idatziko dut». Hori egin ahal izateko, aitaren estiloa eta haren motibazioa ongi ezagutzen dituela argudiatu du Jose Ibarrolak, eta gai sentitzen dela erronkari aurre egiteko.

Zaintzaile figurarekin parekatu du Jose Ibarrolak bere lana. Erabat zehaztuta ez badago ere, seguruena baita margotze lanak beste artista batzuek egingo dituztela, eta haien koordinazio eta kontraste lanak egingo ditu Jose Ibarrolak. Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren fakultateko kideekin elkarlana sinatu du aldundiak horretarako. Eta Jose Ibarrolaren hitzetan, bat doa hori Omako Basoa sortu zuen artistaren motibazioarekin. Gogoratu du, aurrez ere hainbatetan zaharberritu eta birmargotu dituztela pinuak, eta, ez duela horrek obraren sakoneko ideia kaltetzen. «Agustinentzat [Ibarrolarentzat] garrantzitsuena ez da pintorearen esku zehatza, baizik eta ideia».

Jatorrizko basoa kontserbatzea

Basoa berregiteko hartutako erabakia «biribila» dela esan du Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak. «Oso inportantea» iritzi dio proiektuari, eta, haren hitzetan, «perfektua» da topatu duten soluzioa. Oraingoz, unean-unekoa da erabakia, edonola ere, azaldu duenez, oraindik ez baitute planik adostu egun 30 urte dituzten arbola horiek zahartzen direnerako. Gaia mahai gainean dagoela onartu du, baina ez dute oraindik ezer itxi. Hiltzen ari den basoko margolanak nola kontserba daitezkeen ere aztertzen ari dira, baina ez dute formula egokirik topatu oraindik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.