Esperientzixak izeneko jardunaldia egingo du EHAZE Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkarteak, etzi, Donostian. Iaz bertaratutakoek erakutsitako interesa dela-eta antolatu du topaketa elkarteak, bigarren urtez. Antzerkia eta ahozkotasuna izenburupean, lau gonbidatuk itzulpengintzari, euskara batua eta euskalkiei, testu dramatikoen lanketari eta literaturaren joerari buruz gogoeta egingo dute. Hik Hasiren topaketen barruan antolatu dute mahai ingurua, baina interesa duen edozeinentzat irekia da. 16:30ean hasiko da eztabaida, Ibaetan dagoen Santo Tomas Lizeoan.
Nork bere esperientziak kontatuko ditu, gaiaren inguruko gogoeta eta eztabaida sortzeko asmoz. Josune Zabala Mintzola Fundazioko zuzendaria; Julia Marin itzultzailea eta Donostiako Arte Eszenikoen Tailerreko irakaslea; Mattin Irigoien idazle eta antzerkigilea; eta Iñaki Ziarrusta Gaitzerdi antzerki taldeko kidea, itzultzailea eta Atx Teatroa ekimeneko arduraduna gonbidatu ditu EHAZEk. Moderatzaile lanetan, berriz, Ander Lipus aktorea ariko da. Mahai ingurura hurbiltzen den publikoarekin esperientziak partekatzeko eta eztabaidarako tarte zabala izango dela aurreratu dute antolatzaileek.
Hilaren 4an, 5ean eta 6an egingo ditu Hik Hasik XII. Udako Topaketa Pedagogikoak. Santo Tomas Lizeoan izango dira saioak. Hurrengo belaunaldien heziketari buruz gogoetarako foro berezia antolatu dute aurten, baita askotariko beste hogei ikastaro ere. Topaketetan 450 parte hartzaile bilduko direla aurreikusten dute.
Mahai ingurua ez da EHAZEk topaketetarako prestatu duen jarduera bakarra. Antzerki irakasle jantziak, antzerkiaren balioak hedatzeko ikastaroa eskainiko dute Ander Lipusek, Ainara Gurrutxagak eta Asier Sotak. Antzerkiaren irakaskuntzan trebatu nahi direnei baliabideak eskainiko dizkiete, eta 09:00etatik 14:00etara izango da, hiru egunetan. Hilaren 6an, 16:30ean, antzerkizaletasuna sustatzeko martxan dituen proiektuen berri emango du EHAZEk. Ondoren, Asier Sotarekin Añorgako antzerki taldeko gazteek prestatu duten Cromlech antzezlana eskainiko dute.
EHAZEk antzerkiaz eta ahozkotasunaz gogoeta egingo du etzi, Donostian
Hik Hasiren topaketen barruan antolatu du mahai ingurua, baita hitzaldi, ikastaro eta emanaldi bana ere
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu