Funtzionario izaeraren aldean, irakasleria propioa aldarrikatu zuten EHUko hainbat irakaslek 1990ean. Protestak, atxiloketak, kaleratzeak eta epaiketak izan ziren orduan. Irakasle gutxi batzuk aldarriari eutsi diote gaurdaino, eta egunero azaltzen dira Bizkaiko EHUren campusean, pankarta eskuetan, 20 urteren ostean. Haien borroka bildu du Eguzki Bideoak kolektiboak Egunero dokumentalean. Joan den igandean Durangoko gaztetxean egin bezala, gaur San Agustin kultur gunean emango du lana, 17:00etan, eta han izango dira irakasleak ere.
Eguzki Bideoak-ek Durangoko Azokako bere salmahaian jarri du eskuragarri Egunero, beste hemeretzi dokumental berrirekin eta bere katalogoan urteotan bildutakoekin batera. «Errealitatearekiko ikuspuntu kritikoa duten arazoak lantzen ditugu; ikus-entzunezko merkatuak eskaintzen ez dituen edukiak zabaltzea da asmoa», azaldu du kolektiboko kide batek. Hamasei urte daramatza zeregin horretan Iruñeko kolektiboak, beste hainbat gizarte eragilerekin elkarlanean dokumentalak ekoitzi eta banatzen.
Mediaktibismoaren edo kontrainformazioaren ildoari jarraituz sotu zen egitasmoa, «kapitalismoaren biolentzia islatzen duten gatazka sozialak» erakusteko eta zabaltzeko asmoz. Hala, gatazka politikoak, lana edo gizarte bazterketari lotutakoak, ingurumenaren defentsan edo hainbat azpiegiturari erantzuteko borrokak... azaltzen dituzten dokumentalak lantzen ditu taldeak, «neoliberalismoaren ondorioak» erakusteko. «Kapitalismoa bukatzeko, mundu hau eraldatzeko egiten ditugu gauzak, eta mundu hau hankaz gora jartzeko bideogintza da gure baliabidea».
Bertako eta kanpoko gatazkak
Euskal Herrian jazotako gatazkak jorratu dituzte hainbatetan. Lan berrien artean daude, besteak beste, Araba eta Nafarroa artean eraiki asmo duten goi tentsioko lineari buruzko Goi-Tentsioa dokumentala, eta Kukutza, Bilboko gaztetxeari buruzkoa. Baina badira mundu zabaleko beste errealitateei begiratzen dieten lanak ere. Berrienen artean daude Plogoff, Bretainiako herrixka batean zentral nuklear bat eraikitzearen aurkako borrokari buruzkoa, eta Banlieues, Frantziako hainbat hiritan gazte etorkinen inguruan sortutako gatazkari buruzkoa, bi baino ez aipatzearren.
Lan batzuk Eguzki Bideoak-ek berak sortuak dira, eta beste zenbait beste eragileren batek sortu eta kolektiboak beste hizkuntza batzuetara itzulitakoak dira, tartean, euskarara -ia denak-. Gehien-gehienek creative commons lizentzia dute, baldintza jakin batzuetan lana zabaldu edo kopiatzeko aukera emateko.
Lan berrietako sei memoria politikoaren zikloan bildu dituzte; 1936ko gerrako, gerra osteko eta trantsizio deituriko garaiko sei istorio dira, eta azokako Aretoan ematen ari dira egunotan. Atzora bitarte, Nos lo quitaron todo, Septiembre del 75, Autonomía Obrera eta Sagarren denbora filmak eman dituzte, eta 827 kms sin retorno eta Debekatuta dago oroitzea lanen bina emanaldi prestatu dituzte gaurko.
DURANGOKO 45. EUSKAL LIBURU ETA DISKO AZOKA
EHUko irakasleen auziari buruzko lana azokara eraman du Eguzki Bideoak-ek
Hogei lan berri kaleratu ditu kolektiboak, eta horietariko sei memoria politikoaren zikloan ematen ari dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu