Ehun emanaldi bete ditu Kukairen 'Oskara' ikuskizunak

Jon Maia zuzendaria "oso pozik" agertu da Moskun izaniko harrerarekin, BERRIAlagunei bidalitako mezuan.

2019ko azaroaren 5a
13:26
Entzun

Kukai dantza konpainiaren Oskara ikuskizunak ehun emanaldi bete ditu. Non eta Moskuko Stanislavski antzokian, eta bi egunetan sarrera guztiak amaituta. Handik bidali die mezua Jon Maia proiektuaren zuzendariak BERRIAlagunei. "Oso pozik" agertu da Maia, bi egunetan publikoak eskaini dien harrerarekin. Taldeak Marcos Moraurekin batera eginiko lanak arrakasta itzela izan du orain arte, eta horren erakusgarri da zenbat ikuskizun egin dituzten, eta zenbat sari lortu.

2016. urtean estreinatu zuten Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, eta, ordutik, hamaika agertokitan ibiliak dira. "Gogoratzen naiz 2016an, ikuskizuna aurkeztu genuenean, inflexio puntu bat izango zen susmoa nuela. Hiru urte joan dira, eta halaxe izan dela esan dezaket", adierazi zion Maiak BERRIAri Errusiarako bidea hartu baino lehen. Kukaik urte batzuk lehenago hasitako bidearen fruitua da Oskara, Morauren eta La Veronal konpainiako zuzendariaren,laguntza ezinbesteko izan duena. Maiaren esanetan, «Oskara oso Marcos da, eta oso Veronal; baina, aldi berean, oso Kukai ere bai. Kukaik ezingo luke Oskara egin Marcos gabe, eta Marcosek ezingo luke Oskara egin Kukai gabe».

Euskal Herriko hiriburuetan hasi zuten ibilbidea, eta behin eta berriz sarrera guztiak amaitu izan dira. Nazioartera salto eginda, Kukaik izan duen ikuskizunik arrakastatsuen bilakatu da Oskara. Haren atzean daude "kalitate maila eta bermeak betetzea" eta "identitate propioa izatea", Kukaiko zuzendariaren hitzetan: "Gure lanak nortasun propioa du, eta, era berean, exotismo puntu bat ere bai nazioartean".

Hiru urteko bidean, sari ugari irabazi dituzte: tartean, Espainiako Dantza Sari Nazionala, Kataluniako Kritika Saria, eta Diseinurik Onenaren, Dantza Ikuskizunik Onenaren eta Dantza Talderik Onenaren Max sariak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.