Omar Nabarro heteronimopean Edorta Jimenezek idatziriko Haragizko amoreak (Susa, 2010) poemarioa irakurtzen hasi, eta pare bat kanta «atera» zitzaizkion Rafa Ruedari,«asmo zehatzik gabe». Jimenezek eta Ruedak argi daukate:«Musika poesia da, eta poesia, musika». Eta jolas horretan aurrera eginez iritsi zen poesia erotikoa ardatz duen Haragizkoa ikuskizuna sortzeko erabakia. Joseba Barrenetxea argazkilaria eta Jaime Nieto baxu jotzailea batu zitzaizkien taldera. Eta aurkeztuz joan ahala, garatuz eta osatuz joan zen ikuskizuna. Disko batean jaso dute orain. Haragizkoa kaleratu dute, beren kabuz ekoitzita.
Bestelako estetika musikal bat
Bederatzi poema jaso dituzte diskoan. Batzuk musikatuta daude, eta Jimenezek errezitatuak. Bestetzuk, baina, abesti bihurtu ditu Ruedak. Batzuen eta besteen arteko jauzia arras handia da. «Formularik ez errepikatzeko» intentzioari erantzuten dio horrek. «Zaharregia, txikiegia agian-en modukorik ez nuen egin nahi», argitu du Ruedak. Esperimentatzeko irrika zuela, Zeljko McMullen estatubatuarrarekin gogoratu zen. «Soinu ehundurekin lan egiten du; ur tantekin, adibidez».
Jonan Ordorikarekin Katarain estudioan grabaturiko ahotsak eta gitarrak McMulleni bidali zizkion Ruedak, New Yorkera. Eta «makinak erabiliz» abestiak moldatu zituen McMullenek, «agerian utziz ehundurak eta giroak». «Musikalki, orain arteko estetikarekin apurtu dut», azaldu du Ruedak; «pop-rockaren bidetik doan arren, kolorea oso desberdina da, eta nabarmena da makinen erabilera». Ahotsa beste tresnen pareko dago, eta kantu bakoitzak estilo bat du. Hala, Sabako erregina-k elektro folkera egiten duen bitartean, Iraila zen abestian pop elektronikoa da nagusi.
Bestalde, poema musikatuen doinuak entseatu ahala sortu ziren. «Edorta errezitatzen hasi, eta Jaime eta biok ehundura eta giroak sortzen saiatzen ginen». Kantuetan bezala, poema musikatuetan ere kontrasteak agerikoak dira piezarik pieza. Usainak-ek antzik ez du Titanioa-rekin.
Barrenetxeak diseinatu du Haragizkoa-aren azala eta liburuxka. Poemak eta abestiak laguntzea izan da haren asmoa. «Ez hitzari traba egitea, istorioaren garapenean laguntzea baizik», esan du argazkilariak. Giro eta ehundura grafikoak sortzea, diskoari zein ikuskizunari begira.
Ikuskizuna abenduaren 6an eskainiko dute Durangoko Azokako Ahotsenea gunean. Diskoa azokan eta www.haragizkoa.com atarian jarriko dute salgai. Ez da dendetan izango.
Ehundura eta giroekin jolasean
Edorta Jimenezek eta Rafa Ruedak poesia erotikoaren musika jaso dute 'Haragizkoa' disko esperimentalean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu