Euskal Herria Zuzenean elkarteak, datorren ekainaren 29, 30 eta uztailaren batean, Heletan iraganen den festibalaren egitarau guzia argitara eman berri du. Gustu musikal guztiak gogobetetzeko moduko taldeak bertaratuko dira jaialdira, hala nola Gojira Baionako metal talde ezaguna,mundu osoan ezaguna den Japoniako Miyavi taldea, The Abyssinians reggae estiloko talde jamaikarra, The Bloody Beetroots Italiako elektronika musika taldea eta Youssoupha, egun Frantzia mailan rap estiloan izarra den talde konprometitua. «Egitarau aberatsarekin gatoz aurtengoan. Zubiak eraiki nahi izan ditugu talde berri eta zaharragoen artean eta mezu konprometituak helarazten dituzten taldeak ekarri ere. Indarra hitza erabil daiteke aurten izanen diren taldeen musika zein hitzak definitzeko», azaldu du Joanes Garcia Basurko, EHZren antolatzailea denak.
Nahiz mundu mailako talde ugari Heletan izanen diren, EHZk duen filosofiari jarraiki, Euskal Herriko talde ugariren agerlekua ere izanen da jaialdia. «Gauero, agertoki handian euskal talde bat izanen da, eta beste guneetan, beste hainbeste», azaldu du Basurkok. Hala nola Su Ta Gar, We Are Standard, Lisabö, EHZ-ko lehiaketa irabazi duen Anai Arrebak taldea zein Esne Beltza.
Musika baino gehiago
Musikaz gain, EHZ festibala beste eratako ikuskizun ugariz jositako jaialdia da. Egunez eta gauez, 650 laguntzaileren lanari esker, 60 emanaldi eskaintzen dituen gunea ere bada.
Aurten, Heletako herriko plaza, batik bat, proposamen ausartez beteko dela azaldu du Amaia Beloki antolatzaileak. «Kabareta gunean, Miren Gaztañaga eta Josune Montonek eskaini ikuskizunaz gozatu ahal izango da generoa harturik gaitzat; 2zio eta Sarrazin rap taldeen arteko topaketa ere antolatu dugu, etaKukai dantza taldearen ikuskizuna zein tailer ugari ere izanen dira, festibalariek parte har dezaten».
Igandeko egunari aipamen berezia egin diote antolatzaileek. «Urtero bezala, igandea batez ere familiaren eguna izanen da. Herri besta antolatu dugu, baina berrikuntzaz josia», azaldu du Belokik. Berrikuntzen artean, artzain txakur txapelketa eta Sorgin antzerki emanaldia izanen dira. Jada tradizionala bilakatu den Zikiro jatea antolatuko du aurten ere Euskal Herriko Laborantza Ganbarak.
Bestalde, Konferentzia gunea EHZ festibalaren mezua helarazteko gune garrantzitsu moduan aurkeztu du Eneko Etxegarai EHZ elkarteko lehendakariak. «Konferentzia gunean jorratuko ditugun gaiak sakontzen joanen gara festibala hurbilduahala, EHZren mezua hortik helaraziko dugulako hein batean». Halere, oraingoz jakinarazi dute sexualitatearen gaia eta lurraldetasunarena landuko dituztela bertan.
Leku berean, ostiral zein igandean, euskal preso politikoen aldeko ekitaldiak antolatuko dituzte. Hala,Etxegaraik azaldu du ostiralean irratsaio bat grabatuko dutela presoentzat. Kartzeletarako egiten diren irratsaioak egiten dituztenekin harremanetan jarri direla azaldu du; ondotik, haien uhinetan saioa hedatzeko. Igandean, berriz, lipdup bat grabatuko da bertaratuko direnekin, euskal presoen atxikimenduz. «Gure agurra helarazi nahi diegu festibaleko laguntzaile presoei. Hala nola Mattin Olzomendi, Peio Irigoien eta Ibai Peñari», erran du Etxegaraik.
Euskal Herria Zuzenean festibalak datozen hiru urteetan Heletan segituko du. «Euskal Herri osoko festibala bilakatzea da gure asmoa, eta Heleta denen topalekua izatea ere bai. Gure mezua helarazten segituko dugu», adierazi du Etxegaraik, Heletan duela lau urte hasi bideaz pozik ageri direla antolatzaileak.
EHZ, bere izaerari eutsita
Besteak beste, Public Enemy, Sepultura, Anai Arrebak eta Gojira ariko dira festibalean, Heletan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu