Orain pare bat aste jakin zen Eider Rodriguezentzat izango zela euskarazko literaturako Euskadi saria, Bihotz handiegia ipuin liburuarengatik. Bada, idazleak beste sari bat ere jasoko du: haur eta gazte literaturakoa, Santa Familia lanagatik. Orain artean, idazle batek ez zituen inoiz bi Euskadi sari eskuratu urte berean. Pozik agertu da Rodriguez bera sari bikoitzarekin: "Arraro sentitzen naiz, baita apur bat errudun ere".
Gainerako sailetako irabazleen izenak ere jakinarazi ditu Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak. Kepa Altonagarentzat izango da saiakerako saria, Patagoniara Hazparnen barrena lanagatik; eta Irene Aldasororentzat itzulpen arlokoa, Gailur Ekaiztsuak itzulpenagatik. Gaztelaniazko literaturan, Karmelo C. Iribarren izan da irabazlea, Mientras me alejo lanagatik.
Gustora gainerako saridunak ere. Iribarrenek aitortu du ezustean harrapatu duela epaimahaiaren erabakiak. "Ez nuen sari garrantzitsu hau espero. Urteak egin ahala ohartzen naiz olerkigintza ez dela sari asko jasotzen dituen generoa".
Aurretik iragarri zituzten beste saridun batzuk: Yolanda Mosquera Literatur ilustrazioan, eta Santos Zunzunegi gaztelaniazko saiakeran. Azaroaren 27an egingo dute sari banaketa ekitaldia Gasteizko Artiumen.