AUZITEGIAK

EITBren egoitza nagusia miatu du Espainiako Poliziak

El Correo egunkariaren arabera, SGAE Espainiako Autoreen eta Editoreen Elkartearen kontratu batzuen ustezko iruzurraren aurkako operazioa egiten ari da Polizia.

EiTBren Bilboko egoitza. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS
2017ko ekainaren 20a
14:43
Entzun

Ikerketako iturriak aipatuz eman du kazetak operazioaren berri. Informazio horren arabera, EITBk Bilbon duen egoitzan sartu da Espainiako Poliziako Delinkuentzia Ekonomiko eta Fiskalerako Unitatea, eta administrazioko langileak galdekatu dituzte. Saio batzuen prezioak aldatzeko kontratuak moldatu ote zituzten ikertzen ari dira.

Espainiako hainbat erkidegotako hedabide publikoetan ari da Polizia informazioa biltzen. Zehazki, SGAEri lotutako hainbat lagunen egiletza eskubideen kudeaketa eta kobrantza da ikerketaren jomuga.

Poliziaren esanetan, "ustez, ikertuek kalitate baxuko musika ekoizten zuten, eta domeinu publikoko lan musikalen moldaketa faltsuak erregistratzen, ondoren, horiek izen-mailegatzaileen eta enpresa editorialen izenean jartzeko". Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Ismael Morenoren ekimenez abiatu dute operazioa.

Ohar batean, EiTBk adierazi du "kolaboratzen" ari dela ikerketarekin: "Polizia Nazionala gaurko egunean aurrera eramaten ari den jarduketak direla eta, EiTBk argitu nahi du SGAEn autore-eskubideen erabilera paraleloari buruz ireki den ikerketa batekin lotuta daudela".

Ikerketa horren barruan, EiTBri informazioa eta dokumentazioa ematea eskatu zaio. "Hala egiten ari da", hedabide publikoaren esanetan, "agintari eskudunei helaraziz dagokion informazio eta dokumentazio guztia, eta une oro erabateko kolaborazioarekin jokatuz".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.