Ez du etxekotu nahi. Gordin mantendu nahi du bere lana Esther Ferrer artistak (Donostia, 1937): libre. Erresistentzian nahi du bere artea, performancea. «Diziplina propio bilakatu nahi dute ekintzena zenbait artistak, baina ni horren kontra nago. Ez dut nahi genero bihurtzerik. Erlijio, pintura, eskultura eta bestelakoen pare. Inkognita izaten jarrai dezan nahi dut. Ni borrokatzen naiz ekintzen artea aldiro ezberdina izan dadin, eta sekula landu gabeko kontzeptuetara hel dadin. Akaso ez dut sekula lortu, ezta lortuko ere, baina hori da apustua». Bizitza darama horretan, eta ahalegin horren lagin bat hartu du Artium museoak, Esther Ferrer. Lau mugimendutan erakusketa monografikoan.
«Beti egin izan dut nahi dudana», azaldu du Ferrerrek. «Beti, utzi didatenean». Libre aritu zen frankismopean eta libre gaur egun ere. 1960ko hamarkadan ZAJ izeneko taldearen parte izan zen abangoardiako proposamenak hedatzen. «Inori ez zitzaion gurea interesatzen, eta ulertu ere, gehienek ez zuten ulertzen. Ezta zentsoreek ere. Kontzertu gisa aurkezten genituen ekimenak eta biolina jotzen genuela uste zuten. Ez ziren azaltzen, eta etorri izan balira, ergelkeria bat irudituko zitzaien gurea. Gehienei bezala».
Bazterrean aritu zelako izan zen libre frankismopean. Orduan ez zen ezaguna, eta performanceak ere ez zeuden oso hedatuta. Gero heldu zen ospea eta aitortza, besteak beste, 2008an Espainiako Arte Plastikoen saria irabaztean. Horren ondoren ere libre, halere. Instituzionalizaziorik gabe. «Badaude erakundeen menpe dauden artista asko, baliabide handiak behar dituztelako. Nik ez. Gorputzarekin baino ez dut egiten lan maiz, edo aulki batekin eta mahai batekin. Ez dut ezertarako behar instituzioa. Horrek askatasun handia ematen dit. Ez dut parafernaliarik behar». Pobre materialez, aberats kontzeptuz. Bizi.
Artista museora errenditzen
Ez da erraza halako artista bat museoko horma artera errenditzea, eta erakusketa antolatzeko zailtasunez mintzo da Rosa Olivares komisarioa. «Bizirik dagoen obra bat da hau, eta eztabaida sortzen da lan bat museoan sartzen saiatzean. Baina egindako lanen aukeraketa ez da atzera begirako bat izan, ezta antologia bat ere. Bi aukera horien aurka agertu zen Ferrer hasieratik, eta ni ere ados nengoen harekin. Gisa horretako erakusketek artistaren sorkuntza ibilbidea ixten ari dela iradokitzen dute, eta hori ez da Ferrerren kasua». Artistaren eta komisarioaren arteko elkarrizketa izan da erakusketaren oinarria.
Ferrerren lanean konstanteak diren lau gairen inguruan antolatu dute monografikoa. Lau mugimendutan: denbora, infinitua, errepikatzea eta presentzia. Areto bana eskaini diote bakoitzari, eta egitura paretsua eman diete denei. Hiru elementu erabili dituzte: hormarako arte lan batzuk, instalazio bat eta gai horren inguruko performance baten bideoa. «Ferrer ezagutzen ez duen bisitariari irudituko zaio lau artistaren arteko lan kolektiboa dela hau». Askatasuna da, Olivaresen hitzetan arrazoia. «Artista polimorfikoa da Ferrer. Askotarikoa. Azken finean, artista librea».
Performanceez harago
Performer gisa da, batez ere, ezaguna Ferrer, baina ez da hori landu duen alor bakarra. Horren adierazgarri da Gasteizko erakusketa. Sekula inon ikusi gabeak dira, adibidez, Artiumen dauden instalazio gehienak, eta Veneziako 1999ko biurtekoan soilik izan da aurrez En el marco del arte izenekoa (Artearen markoan). Artearen historiaren barruan sartzen denaz eta kanpoan gelditzen denaz gogoeta egiteko erabiltzen ditu bertan markoak, eta nabarmena da ironia. Artistarekin izandako elkarrizketa zati batzuk ere aditu ahal izango ditu bisitariak bosgarren gune batean. «Egitea da interesatzen zaidana. Ekintza artistikoa. Haren inguru guztiak aspertu egiten nau».
Urtarrilaren 8ra arte izango da erakusketa Gasteizen, eta Palman (Herrialde Katalanak) eta Santiagon (Galizia) gero. Katalogo bat ere argitaratu dute ikusgai diren lanekin, eta performance tailer bat ere eskainiko du Ferrerrek Gasteizko Montehermoso aretoan 26tik 30era. Haren lanen aldaerak egingo dituzte zenbait artistak Artiumen, 12tik abenduaren 4ra arteko asteburuetan.
Ekintzaren gordintasuna
Esther Ferrer artistari buruzko erakusketa monografikoa antolatu dute, haren lanaren lau konstantetan oinarrituta, ArtiumenOso ezagun ez diren lanak eta aurrez inon erakutsi gabeak ikusteko aukera dago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu