Ekologia eta garapena

Beñat Gaztelumendi.
2010eko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Zein hizkuntzatan hitz egiten du garapenak? Dirutan? Janaritan? Azpiegituratan? Petroliotan? Armatan? Kulturan? Eta hizkuntza bakarra al darabil mundu guztian? Eta garapena gauza bera al da hemen eta Iranen? Munduan 7.000 hizkuntza ezberdin badaude, zerk egiten gaitu hain berezi? Zer daukagu munduari eskaintzeko? Zer eskatzeko? Iñigo Iñurrategik nazioartekotasunaz hitz egin zigun asteazkenean. Euskalgintzak zenbat eman diezaiekeen herri indigenei.

Hizkuntza ekologia aldarrikatzen zuen Txepetxek, eta hizkuntzen biologia azaldu zigun Iñigo Iñurrategik. Hizkuntzen ekosistema ere zenbat eta espezie gutxiago egon orduan eta pobreagoa izango dela. Berotegi efektua iritsi baita hizkuntzetara ere. Urtean hamar hizkuntza galtzen dira munduan, baina milaka dira desagertzeko zorian daudenak. Gurea, tartean. Badugu berezitasun bat, ordea: Euskara, arazoak arazo eta trabak traba, berreskuratze bidean dagoen hizkuntza bat da. Euskarazko ikastolak dauzkagu, euskarazko hedabideak, euskaraz hitz egiten duten administrazio-bulegoak. Espazioan baino gehiago denboran hedatu den hizkuntza bat da gurea eta esperientzia handia pilatu dugu urte hauetan guztietan. Esperantza-mezu bat daukagu mundura zabaltzeko. Eta, aldi berean, milaka hizkuntza eta milaka esperientzia dauzkagu mundutik jasotzeko; besteak ezagutuz gure buruaz ikasteko. Lan hori egiten du Garabidek.

Eta askotan galdetzen digute zergatik tematzen garen hainbeste euskararengatik. Europan bizi bagara, alemaniarrak bezala janzten bagara, estatubatuarren telesailak ikusten baditugu, txinatarren janaria jaten badugu, zergatik itsutzen garen euskararekin. Hizkuntza ezberdin bat daukagu munduari hitz egiteko, baina ba al dugu mezu propiorik? Mundu globalizatu eta estandarizatua ulertzeko beste modu bat, agian? Gizabanakoa defendatzen da gaur egun komunitatearen gainetik. Baina, zer galtzen da hizkuntza bat hiltzen denean? Izan daiteke hitz egiteko modu bat soilik. Baina hainbeste belaunalditako transmisioa lortu duen hizkuntza bat hitz multzo bat soilik al da? Edo mundua ulertzeko gramatika oso bat da, belaunaldi horietan pilatutako esperientziatik abiatuta? Hizkuntzarik gabe posible al da komunitate baten kohesioa? Eta uler al daiteke norbere identitatea hizkuntzarik gabe? «Bost mila kultura desagertu horiek» okerturik egon al daitezke?

Pentsa liteke hemen badugula nahiko arazo mundura ateratzeko. Baina, aimararik, kitxuarik edo maputxerik gabeko mundu batean, zer etorkizun dauka euskarak?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.