Ikusleek erabakitzen dute zein lani emango zaion jaialdiko sari nagusia, eta garaileak 9,22 puntu eskuratu ditu, batez beste, beste hamalau film atzean utzita. Bigarren izan da, 8,83ko puntuaziorekin, Eneko Olasagastik eta Jone Karresek ondutako Irungo eta Hondarribiko alardeei buruzko dokumentala (Alardearen seme-alabak), eta hirugarrena, 8,28 punturekin, jaialdia ireki zuen lana: Goran Paskaljevic serbiarraren Kad svane dan fikzioa, nazien holokaustoak Belgraden eragindako tragediaz mintzo dena.
Forbidden Voices-ek ahotsa ematen die, eta aurpegia jarri, hiru emakumeri: Zen Jinyan txinatarrari, Farnaz Seifi irandarrari eta Yoani Sanchez kubatarrari. Dokumentalak erakusten du emakume horiek nola aldarrikatu dituzten giza eskubideak eta askatasuna, beren askatasun propioa arriskuan jarrita, blogak eta sare sozialak baliatuz. Epaimahaiak, bestalde, aipamen berezia egin dio Basilio Martin Patino brasildarraren Libre te quiero dokumentalari, "gizartea aldatzeko kolektibo oso baten irrika" erakusteagatik.
Film laburren artean, berriz, ikusle gazteek Emmanuelle Nicot belgikarrarren Rae saritu dute (8,13), Kolona (8,00) eta Framing The Other-en aurretik (7,97).