«Gogoan dut nola lagun batzuekin sukaldean bildu ginen: 'Eta label bat sortzen bagenu?'». Gure ametsa zen festibal bat antolatzea eta gure diskoak sortzea. Eta gaur egun hor gara», dio irriz eta pozik Panda Valiumek, bizian Txomin Ugartemendia izena duen artistak.
Hor gara, erran nahi baita, Getarian (Lapurdi), Baleapop jaialdiaren hirugarren ekitaldian. Eta baita grabaketa munduan ere, Moi Moi Records labelak bere lehen grabaketa kaleratu baitzuen maiatzean; Panda Valiumen Copaiba, hain zuzen, binilo gisa. Interneten eskura daiteke, edo, bestela, Ziburu aldeko pare bat tabernatan.
Produkziotik zuzenekora, Panda Valium atzo aritzekoa zen Baleapop jaialdian, Panda Valium & Polygorn formatuan, hau da, baxu, bateria eta gitarrarekin.
Panda Valium bera produktorea da. Musika produktorea, baina konkretuki. Ez ditu DJek bezala besteen soinuak nahasten. Sintetizadorea eta bateria elektronikoak dira haren instrumentuak, eta ordenagailuaren bidez zuzentzen ditu. Eta gero berriz hartuak direnak. Copaiba singlean berean, Panda Valiumen bi zatiez gain, Copaiba izeneko musika zatia bera Groj eta Luke Abbottek berriz hartu eta landu dute. Bi izen ezagun, haren lanari oihartzun baikor bat ematen diotenak. Eta hori aski ez balitz bezala, grabaketa James Holdenek berak berriz hartua izan du bere gaualdi batean. James Holden, hau da, Panda Valiumentzat eta beste anitzentzat erreferentzia nagusietako bat dena; hura ere atzo zen aritzekoa jaialdian. Batek bestea elikatuz doaz aitzina, beti sorkuntzaren alde.
Euskal dantza eta elektronika
Eta oraindik badute besterik buru gibelean. Euskal dantza musika elektronikoarekin nahasi nahi du Panda Valiumek. Jaialdian berean esperimentatzen hasi ziren joan den ostiralean, Donibane Lohizuneko Begiraleak dantzariekin: «Banakoa biziki maite dut. Eta aspalditik nahi nuen entzun, ez bakarrik txistu edo ttunttun batekin. Soinu berriak sartu nahi nizkion». Banakoaren erritmoa hartzen du, eta notak bere makinakoak ditu.
Hots, sukaldeko gau hartatik kolektiboak bere ametsak aitzinarazten ditu, bere baitako artistek berak aitzinatzen diren neurrian. Dozena bat lagun ditu elkartzen kolektiboak. Artisten arteko trukaketak erraztea izan du xede jatorritik, duela zortzi urte kolektiboa sortu zutelarik, Baleapop jaialdiko koordinatzaile Jeanne Boulartek zehaztu duenez. Batzuk musikariak, besteak margolariak, grafistak edo argazkilariak: «Bakoitzak egiten zekiena gehituz, zerbait ona egin genezakeela ohartu ginen. Beti lan egin dugu ezker eta eskuin, dela gaztetxeetan edo beste. Elkarteen mundua ezagutzen genuela gutxi gorabehera, gure nortasunarekin zerbait egin nahi genuen». Berez, musikari dagokionez, musika elektronikoan murgiltzen da kolektiboa, nahiz eta Baleapop jaialdiarekin ateak beste estilo batzuei ireki nahian dabiltzan. Sinpleki kolektiboko Matthys, Sanpantzar, Elorn, Martouf, Odei eta, beraz, Panda Valium, guztiak musika elektronikoan murgilduak direlako.
Hori bai, elektro edo beste, usaiako bide komertzialetatik kanpo nahi dute beren nortasuna, baina, aldi berean, ahal bezain eskuragarri: «Adibidez, euskal dantzak makinekin nahasiz, jendearen erreakzioak bikainak izan ziren ostiralean. Jendarteko batzuk ohartu dira musika elektronikoa maita dezaketela», azaldu du Boulartek pozez.
Arte plastikoetako artistei dagokienez, musikariek beren labela gauzatu ahal izan duten bezala, edizioaren munduan sartzeko desioa dute haiek, arte liburuak ateratzeko. Izan ere, gustukoa dutena egin, eta indarrak batu horretarako, hori dute motorra: «Egia da ohartu garela musika independenteak ez duela erakusleiho anitz Euskal Herrian. Usu, euskal musika euskal rocka dela bakarrik, beste gauza anitz badelarik... baina ez gara abiatu eskas baten betetzeko, baizik eta gogo batekin».
Elektronikoaren hatsak
Moi Moi kolektiboa garatuz doa: Baleapop jaialdiaz gain, labela dauka, Panda Valium & Polygorn horren lekuko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu