Atzo gauean hil zen Elena Asins artista poliedrikoa (Madril, 1940), Azpirotzen (Nafarroa) zuen etxean. Arte plastikoetan nabarmendu zen batez ere, eskulturan bereziki. Ikerketa lanak ere jorratu zituen, arte kritikaria ere izan zen, eta han hemenka ibili zen hitzaldiak ematen.
Arte kontzeptualaren erreferente eta ikur izan zen Espainiako Estatuan. Paris, Stuttgart, Madril eta New Yorkeko unibertsitateetan ikasi zuen, eta Miguel Pintok 1963an sortutako Castilla 63 taldean egin zituen bere lehen lan publikoak. Artearen konputazioan sakondu zuen, eta ordenagailu bitartez egindako kalkulu semantikoetan oinarritu zuen bere lengoai artistikoa. Hala, lehenetarikoa izan zen teknologia arte sorkuntza prozesuan integratzen.
1988an jaso zuen lehen saria, Alemaniako Karlsruhe hirian. 2006an Arte Ederren Urrezko Domina eman zion Espainiako Gobernuak, eta 2011an Arte Plastikoen Sari Nazionala jaso zuen. Gaur egun museo askotan ikus daitezke bere lanak, hala nola, Bilboko Arte Ederren Museoan edota Madrilgo Reina Sofian.
Urteak ziren bere kabuz Azpirotzen zaharberritutako etxean bizi zela. Aurtengo apirilean polemika izan zen bere inguruan, Donostiako epaitegi batek isun bat ordaintzera zigortu baizuen, 2012ko ARCO azokaren harira egindako elkarrizketa batean Donostiako Altxerri galeria iraintzeagatik.
Artea
Elena Asins hil da, arte kontzeptualaren ikur
Bart gauean hil zen, Azpirozko etxean, 75 urte zituela. Artearen konputazio informatikoan oinarritu zuen bere lengoaia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu