Eskerrak emanez hasi du epaimahaiak Bilboko 60. Zinebi Zinema Dokumentalaren eta Film Laburren Nazioarteko jaialdiko palmaresa iragartzeko agerraldia. “Mila esker Zinebi jaialdiari, zinemaren mundu maskulino honetan emakumez osatutako epaimahai bat izateko egin duen ahaleginagatik”, euskaraz irakurri du Ghasideh Gomanaki zinegile iraniarrak esker mezua. Concha Barquero zinegiela, Zsuzsanna Kiraly ekoizle errumaniarra, Jodie Mack britainiarra eta Carolina Martinez zinegilea izan ditu aldamenean. Hilaren 9an abiatu zen jaialdia, eta gaur egingo dute itxiera ekitaldia, sari banaketarekin. Elena Lopezi eman diote Sari Nagusia (7.000 euro), Los que desean dokumentalagatik. “Egin duen irudikapen objektiboagatik, konplexutasun aberatsagatik eta arraren kulturarekiko agertzen duen hausnarketarako posizioagatik eman diogu saria”.
Ipurtargien desagerpena ardatz hartuta ondu du Maria Elorzak Ancora Lucciole (Ipurtargiak oraindik) lana, eta hark jasoko du Euskal Zinemaren Sari Nagusia (6.000 euro). “Munduaren joanari eskainitako lana da Ancora Lucciole. Mundu zaharraren eta mundu berriaren arteko lerro horretan, animalia espezieen desagerpena eta gizakien arteko konexiorako formetan egondako aldaketak lantzen ditu”.
Palmaresa
- Jaialdiko Sari Nagusia.Los que desean, Elena Lopez Riera (Espainia).
- Euskal Zinemaren Sari Nagusia.Ancora Lucciole, Maria Elorza (Euskal Herria).
- Zinema Espainiarraren Sari Nagusia.Entre Railes, Delfina Spratt eta Alex Puig Ros (Espainia).
- Fikziozko Urrezko Mikeldia.Counterfeit kunkoo, Reema Sengupta (India).
- Animaziozko Urrezko Mikeldia.Tracing addai, Esther Niemeier (Alemania).
- Dokumentalen Urrezko Mikeldia.I signed the petition, Mahdi Fleifel (Erresuma Batua / Alemania / Suitza).
- ZIFF- Zinebi First Film Saria.Acid forest, Rugile Barzdziukaite (Lituania).