Zinema

Eli Wallach hil da, westernetako aurpegi ezaguna

Actors Studioko ikaslea izan zen, eta 60 urtez lan egin zuen zineman.

Eli Wallach.
mikel lizarralde
2014ko ekainaren 25a
13:23
Entzun

Publiko zabalak ezagutzen duen aurpegia zuen, baina izenik ez. Eli Wallachen bisaia gertukoa egiten zitzaien ikusle askori, baina ez zen inoiz izar handi bat izan. Aktore estimatua, ordea, bai. Eta 1945ean Broadwayn debuta egin zuenetik, antzerkian ez ezik, Hollywoodeko fim ugaritan ere lan egin zuen, film prestigiodunetan nahiz ekoizpen erraldoietan.

Eli Wallachek (New York, 1915) Actors Studio ospetsuan ikasi zuen, eta, besteak beste, Elia Kazan izan zuen irakasle pertsonaiaren barne eraikuntza sustatzen zuen eskola berritzaile hartan. Hain zuzen ere, Kazanek eman zion lehen aukera inportantea zineman, Baby Doll (1956) filmean. Tennessee Williamsen obran oinarritutako film hari esker,  Urrezko Globoetarako hautagaia izan zen bigarren mailako aktore gisa. 

Gerora, genero guztietan aritu zen. Zinema beltza ukitu zuen The Lineup lanarekin (Don Siegel, 1958), John Hustonen The Misfits (1961) western moderno eta ilunean aritu zen eta baita Lord Jim, Joseph Conraden eleberrian oinarrituta Richard Brooksek ondutako abentura barnerakoian. Nolanahi ere, westernak egin zuen ezagun zaleen artean. Izan ere, besteak beste The Magnificent Seven klasikoan (John Sturges, 1960), How the West was Won handinahian (John Ford, Henry Hathaway, George Marshall, 1962) eta Il buono, il brutto, il cattivo, (1965) Sergio Leonek Almerian (Espainia) filmatu zuen trilogiako hirugarren alean parte hartu zuen.

60ko hamarkadan zinema (How to Steal a Million) eta telebista (Batman) uztartu zituen, baina hurrengo hamarkadan zailagoa egin zitzaion rol egokiak lortzea. Hala ere, bere azkeneko urteetan segitu zuen lanean, askotan zinemagile ospetsuekin: The Two Jakes (Jack Nicholson, 1990), The Godfather III (Francis F. Coppola), The Ghost writer (Roman Polanski, 2010). 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.