Datorren urteko irailaren 21ean, Donostiako 66. Zinemaldia hastearekin batera abiatuko dute lehen ikasturte akademikoa Donostiako Elias Kerejeta Zinema Eskola berrian. Moduluka banatuko dute ikasturtea, eta hurrengo urteko Zinemaldiaren amaierara bitarte iraungo du. Bitarte horretan, eskolak jasotzeaz gain, praktikak egingo dituzte ikasleek, baita nork bere proiektua garatu ere. Zinemaldiak berak, Euskaldiko Filmategiak, Tabakalerak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen dute eskola, eta martxan jartzeari begirako hainbat xehetasun eman dituzte gaur arduradunek, Carlos Mugiro eskolako zuzendariaren eskutik.
Hiru graduondoko eskainiko ditu eskolak heldu den urtetik aurrera: Artxiboa, Komisariotza, eta Sorkuntza. Eta arlo bakoitzeko arduradunak zeintzuk izango diren jakinarazi du Mugirok: Clara Sanchez-Dehesa izango da artxibatzeari lotutako sailaren arduraduna; Maria Palacios Cruz, komisariotzaren sailekoa; eta Laida Lertxundi, berriz, sorkuntzaren arlokoa. Hainbat irakasleren izenak zehaztuak dituzte dagoeneko —50 bat izango dira ikasturte bakoitzeko—, baita ikasgaiak ere. Halaber, urtero 40-45 ikasle hartuko ditu eskolak. Matrikularen prezioa ere jakinarazi dute dagoeneko: 3.500 eurokoa izango da.
Hala ere, eskolak bere lehen pausoak aurtengo urrian emango dituela azaldu dute. Hala, prestakuntzaren arloan ez, baina ikerketaren eta dibulgazioaren ildoetan jada izango da zer egin eta zer ikusi. Ikerketari dagokionez, Mugirok jakinarazi du Andrei Tarkovskiren hainbat zinta agertu berri direla, non zinemagilea Moskuko Zinema Eskolan eskolak ematen ageri den. Bada, zinta horien ikerketan, zaharberritzean eta dibulgazioan parte hartuko du zinema eskola berriak, Tarkovski Institutuarekin lankidetza hitzarmena sinatzekoa baita aurki. Halaber, bi beka deialdi egingo dituzte zinemaren inguruko proiektuak lantzen ari diren Gipuzkoako ikerlarientzat. Urrian, berriz, etxeko zinemari buruzko programa bat jarriko dute martxan; herritarrek beren materialak eraman ahalko dituzte eskolara, eta hitzaldiak nahiz bestelako jarduerak ere izango dira.