Elias Kerejetaren izena jarri diote Tabakalerak hartuko duen zinema eskola berriari

Ikasleak hiru arlotan ariko direla azaldu du Carlos Mugiro zuzendariak: sorkuntzan, zaharberritzean eta programazioan. Urtea amaitu baino lehen zabaldu nahi dute

Carlos Mugiro —eskuinetik lehena—, Denis Itxaso Kultura diputatuarekin eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiarekin, atzo, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2017ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Urtea bukatu aurretik ireki nahi du Gipuzkoako Foru Aldundiak zinema eskola berria Donostiako Tabakaleran. Elias Kerejeta (Hernani, Gipuzkoa, 1934 - Madril, 2013) zinemagilearen izena izango du, «ezbairik gabe, Europan XX. mendean egon den sortzaile garrantzitsuenetariko bat» izandakoari omenaldia egiteko, arduradunen hitzetan. Zehazteko dituzte oraindik eskolak eskainiko dituen ikasgaiak, bertan ariko diren irakasleak, ikasleen profila eta beste, baina eskolaren ikuspegia zein den argi du Carlos Mugiro zuzendari aukeratu berriak: «Zinemagilearen kontzeptua zabaldu nahi dugu». Eskolak, sorkuntzaren arloan ez ezik, lanen artxibatze eta zaharberritzean nahiz zinema ekitaldien programazioan ere trebatuko ditu ikasleak. Tabakalera, Euskadiko Filmategia eta Donostiako Zinemaldiarekin elkarlanean egingo du hori, gainera. Ikasleei, «jakintza ez ezik, goi mailako profesionalen esperientzia ere transmititzea» baita asmoa, zuzendariaren hitzetan.

Elizondon (Nafarroa) jaio zen Mugiro, 1966. urtean, eta hogei urteko ibilbidea du sortzaile, programatzaile, irakasle eta ikertzaile gisa. Nafarroako Unibertsitateko Komunikazio Fakultateko irakaslea da, eta Zinema Dokumentalaren espezialitateko burua ECAM Madrilgo zinema eskolan. Iruñeko Ikuspuntu jaialdiaren sortzailea eta zuzendari artistiko izandakoa, hainbat film eta libururen egilea ere bada. Eskola berria zuzentzeko lehiaketara bost proposamen aurkeztu ziren, eta joan den astean jakinarazi zuten Mugiroren La hipótesis del cine (Zinemaren hipotesia) aukeratu zutela. Iritsi berria dela eta oraingoz «hipotesi asko eta erantzun gutxi» dituela adierazi zuen atzo, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiarekin eta Denis Itxaso Kultura diputatuarekin batera egindako agerraldian. «Zerbait nabarmendu nahi nuke: bere abiapuntutik bertatik, proiektu bakana dela hau». Azaldu zuenez, bere ibilbide osoan ez du ezagutu beste eskolarik non «A kategoriako zinema jaialdi batek, filmategi nazional batek, eta nazioarteko kultura zentro batek bat egiten duten, eta are gutxiago teilatu beraren pean».

Hain zuzen, erakunde horietako bat izango dute bidaide ikasleek proiektu pedagogikoaren hiru ardatzetako bakoitzean: film berrien sorkuntzan Tabakalera; lanen artxibatze eta zaharberritzean Filmategia; eta zinema ekitaldien programazioan Zinemaldia. Eskolak jasotzeaz gain, aldi berean hiru erakundeotan praktikak egingo dituzte ikasleek. Izan ere, zuzendariaren ustez, egun ez dira soilik filmak egiten dituzten zinemagileak behar; daudenak zaindu eta gordeko dituztenak ere behar dira, baita egiten den zinema proiektatzen jakingo dutenak ere. «Hortik zinemagile izateko forma berriak sortzen dira. Zinema ikusgarri egiten duten langintza horietara guztietara zabaldu behar dugu zinemagile kontzeptua». Osotasun ikuspegi horrekin jardutearen alde agertu zen.

Aldi berean, eskolak bere ekarpena ere egin behar duela uste du Mugirok. «Eskolak pentsamendurako eta gogoetarako gune bat izan behar du; euskal zinemagileen topaleku bat, baina baita nazioartekoena ere; eta lankide dituen erakundeek baino tarte handiagoz agian, ideiak proiektatzeko gai izango den espazio bat. Zinemaren I+G+B gisako zerbait». Hala, diseinatu duen proiektua ez dela «neutroa» argitu zuen: «Ez da eskola tekniko bat, ez profesionala hotz-hotzean; eskola apasionatua da, konprometitua, zinema bizitzeko modu gisa ulertzen duena». Ildo horretan, ikusle berriak sortzeko eskola bat ere izaten nahi duela esan zuen, eta ateak zabalik izango dituela herritarrentzat zenbait jardueratan.

Ikasle bakoitzak bere ibilbidea hautatzeko eta nork bere proiektua lantzeko aukera izango duela zehaztu zuen zuzendariak, eta tutore bat izango duela horretan bakoitzak bidelagun. Zinemagileen bisitak ere jasoko dituzte. Eskolak euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez izango direla zehaztu zuen. Agerraldian gazteleraz mintzatu zen, eta hurrengo aldietarako «euskaraz ere egoki hitz egiteko gai izatea» espero duela gaineratu zuen.

Erreferentzialtasuna

Eskola berriaren indargune nagusia erakundeen arteko elkarlana dela nabarmendu zuten Olanok nahiz Itxasok atzoko agerraldian. Gipuzkoako ahaldun nagusiaren hitzetan, ikus-entzunezko arloa da «Tabakaleraren motor nagusia», eta eskola berriak arlo hori indartuko du, baita Tabakaleraren beraren «erreferentzialtasuna» ere. Itxasoren ustez, erakundeen arteko lankidetzak ekarriko du «beste inon aurkitu ezin daitekeen eskola bat» izatea, eta horrexek egingo du erakargarri.

Tabakalerako 0 solairuan izango du egoitza, eta lanak bi aste barru hasiko dituztela azaldu zuen Kultura diputatuak —Lurgoien etxeak egingo ditu, 227.815 euroko aurrekontuarekin—. Mugirok iragarri zuenez, ikasturteak urtea baino zertxobait gehiago iraungo luke, hamalau bat hilabete, eta 50 ikasle inguru hartuko lituzke aldi bakoitzean. Urtea bukatu aurretik irekitzeko, matrikulazio epea ekainean zabaltzea da arduradunen asmoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.