Durangoko 46. Euskal Liburu eta Disko Azoka. Hitzen ahairez
Elkarlana ez da auzolana
Publikoa den dirua egitasmo bati esleitu eta komunikazio euskarrietan logoa erakustea exigitzea ez da elkarlana. Norberak erabakiak hartu eta besteek betetzeari elkarlana deitzeari gehiegizko deritzot. Elkarlana biren artean, elkarrekin burututakoa izan daiteke. Auzolana gutxienez biren eta ahalaz askoren artean gauzatutakotzat dugu askok. Elkarlanak ez bezala, auzolanak dakarke euskarazko kulturan eragileak eta hartzaileak identifikatzea, euskarazko kulturaren egoerari buruzko irakurketak trukatzea, elkar ezagutzearekin batera kulturaren zein eremutan eta zein baldintzatan lan egiten dugun elkarri azaltzea eta zein helburu ditugun jakinaraztea, herri mugimenduak, erakunde publikoak (politikariak) eta industrialki jarduten dutenak zilegitasun maila berean ezartzea, erabakitze guneak zein izan behar diren adostea. Ondorioz, erabakitze guneetan parte hartzea handitzea, euskal kulturarentzat estrategikoa zer den adostasunez erabakitzea, kultura politika eztabaidatu, adostu, onartu eta betearaztea, unean uneko agintaritza politikoak kateatuko ez duen sujeto indargune politikoa bihurtzea. Guretzat auzolana gizarte ikuspegi bat da; ez da slogan bat. Auzolana herrigintza-helburuekin lotutako elkarlana da; ez edozein elkarlan mota. Auzolana herrigintzarako antolaturiko pertsonak dira; helburu zehatzak bezain inportantea dira jendea eta funtzio soziala. Auzolankide dira hasieratik buru-belarri dabilena zein ekintza jakin eta xume batean parte hartzen duena. Auzolana talde-lana da; batzuetan eragiletza izan daitekeen moduan, beste batzuetan laguntzaile izatea izango da.Auzolana horizontala da; pertsonatik pertsonara, talde edo elkarteen baitan zein herri-mugimendu, instituzio eta enpresa arloko eragileen artean. Auzolana prozesu bat eta ikasbide bat da; jarrera irekia eskatzen du helburuei eta emaitzei begira. Auzolanak lana egitea esan nahi du, auzokoari begira geratu barik; eta bizipozez lan egitea. Zer deritzozue gaurtik hasteari?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu