Durangoko 46. Euskal Disko eta Liburu Azoka. Anton Reixa. Kantaria, poeta, artista eta eragilea

«Elkarri egin diezaiokegun mesede handiena existitu eta erresistitzea da»

Historia doilor eta zitala izan arren, euskarazko nahiz galizierazko kulturek ikuspegi baikorrez egin behar dutela aurrera aldarrikatu du Os Resentidos taldeko kantari ohiak.

Juan Luis Zabala
Durango
2011ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Galicia canibal kantu mitikoa bezain ironikoa eta bizigarria izan zen Anton Reixak igande eguerdian Durangoko Azokan egin zuen sarrera hitzaldia. Os Resentidos taldeko kantari ohia Filmanova ekoizpen etxeko zuzendaria da egun; horretaz gain, bideo instalazioen erakusketa bat aurkeztu du, harekin lotutako poema liburu bat kaleratu du, eta SGAE «garden, deszentralizatu eta federal» bateko lehendakari izateko hautes-lehian sartuko da laster.

Galiziar nahiz euskaldun gisa, deitoreak alde batera utzi, daukaguna estimatu eta horrekin aurrera egitearen alde agertu zinen sarrera hitzaldian.

Gure herrien historia izan den bezalakoa izanagatik ere, geure buruaren, egiten dugunaren eta gertatzen zaigunaren erantzukizuna geure gain hartu behar dugu. Etengabeko deitorea ez da batere eraikitzailea. Galiziarra edo euskalduna izatea kasualitate biologikoa da, eta behin hori gertatu ondoren askoz ere osasuntsuagoa da errealitate hori naturaltasunez onartzea, errealitate zirraragarria baita, izan ere.

Galiziako sortzaile asko aipatu zenituen. Zein egoeratan daude literatura, musika, zinema, arte plastikoak eta abarrak Galizian?

Erdi Aroan bikaintasun aro bat izan zuen Galiziak. Gero, XIX. mendean hartu zen berriro galiziera kulturako hizkuntza gisa, eta XX. mendean galiziera erregistro berriak bereganatzen hasi zen. Ordura arte poesia zen galizieraren eremu bakarra, eta XX. mendean beste genero eta praktika literario askotara zabaldu zen. XX. mendearen bigarren erdialdean eta XXI.aren hasieran, galiziera lengoaia berrietan sartu da bete-betean, ikus-entzunezkoen ekoizpenean adibidez. Gaur egun industria kultural oso dibertsoa dugu. Lehen galizierazko musikak, literaturak eta zinemak ezaugarri jakin batzuk zituela interpreta zitekeen, baina gaur egun ez da hala. Askotariko literatura dago, askotariko ikus-entzunezkoak... Heldutasun baten ondorioz.

Nolakoa da industria kultural horren osasuna?

Kulturaren arloko dibertsitateak industria kultural bat sortu du, une honetan krisi ekonomikoarekin estropezu egin duena. Neoliberalismoak ez baitu ulertzen kulturak enplegua indartzen duela, eta are gutxiago ulertzen du autoestima kolektiboarentzat onuragarria dela. Gobernu autonomikoak, galiziera balioetsi eta indartzen lagundu beharrean, hizkuntz normalizazioaren aukerak murrizten dituzten legeak onartu ditu. Une bereziki zailean gaude, baina, sarrera hitzaldian esan nuen bezala, daukagun onena gu geu gara, eta saiatuko gara aurrera irteten.

Prestige-ren auziaren ondotik, 2002an, Galiziako kultura pazientziatik kontzientziara pasatu zela esan zenuen.

Galizierazko kulturan bazegoen konpromiso sozialeko tradizio errebindikatibo bat, baina tradizio hori etenda zegoen Prestige-ren isurketaren auzia gertatu zenean. Auziak mobilizaziora eraman zuen konpromiso sozialaren garaia ezagutu ez zuen belaunaldia. Ni asko poztu ninduen gu baino gazteagoak ziren artistak auzi hartan benetan inplikatuta ikusteak. Mugimendu zibil interesgarria eratu zen. Gero hori hausten joan zen pixkanaka, nahiz eta berriro berpiztu neurri batean 2006ko suteen auziarekin.

Euskal kulturak eta galizierazkoak elkar ezagutu eta elkarrekin lan egin behar dutela esaten da, baina ekimen zehatzak ez dira asko.

Nik kolaborazio harreman estua izan nuen garai batean hemengo sortzaile batzuekin. M-ak-ekin, Negu Gorriakekin… Kaki Arkarazorekin talde bat sortu nuen gero… [Nacion Reixa]. Pertsonak elkarrekin topo egin eta identifikatzen diren neurrian gertatzen dira horrelakoak. Dena den, ni ez nintzateke larrituko elkar ezagutza eta elkarlan maila handia ez delako. Elkarri egin diezaiokegun mesederik handiena existitzea eta erresistitzea da.

Culturgal azoka egiten ari da egunotan Pontevedran, Durangokoaren antzekoa neurri batean, berriagoa eta txikiagoa bada ere.

Oraindik laugarren ekitaldia baino ez du, baina nahiago nuke aurrerago gure Culturgalek egun batean Durangoko Azokak adinako oihartzuna eta iraupena eskuratuko balitu. Ona da industria kulturala eta jendea gerturatzea, elkartzea, eta nik oso gustukoak ditut bi azokak. Galizian beste ospakizun bat dugu, Galizierazko Letren Eguna, baina hori ekimen akademikoagoa da. Idazle bat omentzen dute, baina gutxienez azkeneko hamar urteetan hilda egotea da omendua izateko baldintzetako bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.