Jaime Rosalesek garbi izan zuen, ETAk Capbretonen (Frantzia) hildako bi guardia zibilen berri entzun eta berehala nolakoa izango zen bere filma. Gertaeren zentzugabekeria erakutsi nahi zuen, begirada berria proposatu, eta bortizkeriaren arrazoien inguruan hausnarketa sortu. Ideia izan eta astebetera, gidoia idatzita zeukan. Hiru aste behar izan zituen filmatzeko. Lana atzo estreinatu zen, Zinemaldian.
Filmak Ion Arretxek interpretatzen duen protagonistaren eguneroko ohiko bizitza kontatzen du lehen partean. Bigarren zatiak atentatuaren ekintza fisikoa eta ondoko uneak erakusten ditu. Rosalesek, orain arteko bi lanetan garatu duen estilo narratibo aitzindari eta muturrekotik jarraituz, eszenatik urrun jarri ditu kamerak, begiluze ahaltsuaren antzera.
Eszena guztiak mutuak dira, ez baitago gidoirik. Zehatz esanda: protagonistek elkarrekin hitz egiten dute, baina hitz bakar bat aditzen da ondo ulertzeko moduan. Hitz bakar bat, etakideek bi guardia zibilak identifikatu eta haiengana oldartzen direnean: «Txakurrak!».
Filmak ikusmin handia piztu du, baina atzo goizeko emanaldiari erreparatuta, kazetarien artean batez ere. Kursaaleko areto nagusian erdia zegoen bakarrik beteta, eta ikusle ugarik utzi zuten aretoa filma amaitu baino lehenago. Bukaeran, txaloak eta txistuak, baina zalaparta, ozenago. Zinemaldian aspaldian entzun gabeko protestaldia.
Ondoren, kazetariekin solasean, zuzendariak onartu zuen nahiago zuela filma jendearen gustukoa izatea, baina hori baino gehiago zela bere asmoa. «Hizkuntza narratiboan garapena landu nahi dut, eduki eta forma berriak aztertzeko, eta badakit batzuetan ezerosoa dela. Baina sinistuta nago etorkizuneko ikusleek kontzientzia handia izango dutela. Eta gogobeteta ateratzen ez badira, badakit zer edo zer gaizki egin dudan seinalea dela. Hala eta guztiz ere, ikuslearen gustuko zerbait egin nahi baldin badut, malo».
Gonbita ikusleari
Elkarrizketak isilpean uzteko erabaki hori da harrigarriena. Gidoiari buruz galdetu zioten kazetariek, eta ikusleari gonbit egin nahi diola erantzun zuen zuzendariak; gonbita, ulertzen ahalegintzeko. Hau da, ikusleak narrazioaren parte egin nahi ditu. Rosalesek badaki gaizki-ulertzeak sor daitezkeela, ez dagoelako garbi zer dela-eta protagonistak erabakitzen duen bere bizitza baketsua utzi, muga zeharkatu eta, kafetegi batean poliziak ezagutu ondoren, buruan dozena erdi tiro jotzea. Baina propio nahi izandako nahasketa da.
«Hasieratik erakutsi nahi nuen elkarrizketarik gabe, ideologiarik gabe, absurdoa dela dena. Erakutsi nahi nuen hau guztia ulertu ahal izateko ideologia ezinbestekoa bada, orduan ideologia absurdoa dela».
Filmaren alderdirik azpimarragarriena ez da, hala ere, plano luzeak eta moteltasun narratiboa eta aktoreen mututasun hori. Garrantzitsuagoa da hiltzaileak ere gizaki arruntak direla erakusteko nahia. Egunerokotasunaren filmaketaren bidez, ohiko irakurketen aurkako mezua bidali nahi izan du zinemagileak. «Erakutsi nahi nuen bestea, guregandik urrunen dagoen hori, gizatasunik gabeko hori, hori ere gizatiarra dela, gurekin antza baduela. Eta prozesu berri bati ekiteko aukera bakarra dagoela: onartzea beste horrek zerbait erants diezaiokeela gure ikuspuntuari».
Aitorpenak galdera sorta ugari eragin zuen zuzendariaren benetako asmoen inguruan. Rosalesek tolesgabetasun puntua onartu bazuen ere, elkarrizketaren aldeko mezu garbia aldarrikatu zuen. Nahiz eta onartu zuen beldurra bazuela.
«Harrotasunik gabe egin dut lana, zalaparta handirik gabe. Beldurra? Bai, filmatzen, batzuetan, beldurra izan nuen. Eta badaukat. Batzuetan, atzera begiratzen dut hemen, Donostian. Ez dakit jendeak nola bizi duen hori, baina ni neurritasunetik lan egiten saiatu naiz. Ez dut euskal gizarteari buruz inolako hausnarketa orokorrik egin nahi izan; fikzio bat eraiki nahi izan dut, eragina sortzeko, eta ideiak eman nahi izan ditut, besterik ez. Aitortu behar dut ez daukadala ezeren soluziorik. Uste dut, hori bai, bestea entzun beharra daukagula. Gatazka trabatuta dago, eta iruditu zitzaidan nire barnean zerbait diferentea bilatu behar nuela. Eta bilaketa horrek desberdin pentsatsarazi zidan. Eta uste dut hor dagoela soluzioa. Norbaitek uste baldin badu nahi eta itxaron duen guztia ziurtatuko dion soluzioa lor dezakeela, oker dago».
Hau guztia ulertzeko ideologia ezinbestekoa bada, orduan ideologia absurdoa da»
«Prozesu berri bati ekiteko, bestea onartu beste biderik ez zaigu geratzen»
jaime rosales
Zinema zuzendaria
Elkarrizketaren alde, isilik
'Tiro bat buruan' aurkeztu du Jaime Rosalesek, euskal gatazkaren inguruko irakurketa estilistiko ausarta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu