Ikerketaren arabera, egungo kultur produktuen arazo nagusia merkatuan dago; alegia, produkzio eta kontsumoaren artean etena dago. Eten horren arrazoiak bi mailatan aztertu behar dira. Batetik, euskal hiztunen komunitatea izan, bada, baina ez dago nahiko trinkotua. Bestetik, euskarazko produkzioa ikusezina da, «produkzio horrek ez duelako nahikoa aukera erakusleihoan jartzeko».
Azken hamarkadetan euskal kultur produkzioan aurrera egin bada ere gaur-gaurkoz euskal kulturaren balio kateak etenak dituela ondorioztatu du Sorguneak-ek. Balio kateak zazpi urrats ditu: sortu, ekoitzi, banatu, hedatu, formatu, transmititu eta merkaturatu. Kate horretan urrats guztiak ez dira betetzen, edota ez daude optimizatuta. «Sortu eta ekoitzi, esan dezagun ondo egiten dela; banatu, hobetu daitekeela; hedatu, erabat hobegarria dela; transmisioa gorabehera handiekin gertatzen dela; eta merkaturatzen arazoa larriak daudela, aurreko hiru urratsek huts egiten dutelako eta, horrenbestez, euskal kultur produktua euskaldunen nitxoan ere ez delako ikusgarri jartzera iristen».
Etena «erreala» da
Merkatuan sortzen den etena «erreala» da eta «hizkuntzaren beraren baldintza sozialek» eragiten dute: «Merkatuak euskaraz ez den beste edozer kontsumitzera garamatza. Horregatik, beharrezkoa da merkaturatze politika zehatz eta indartsu bat. Benetako kolapso bat baino gehiago, kultur politika argi baten falta izan daiteke egoera hori: administrazioaren eta eragile sozialen arteko ikuspegi eta politika konpartitu ezak dakarren arazoa, hain zuzen ere».
Kultur produktuen merkatuak berebiziko garrantzia dauka, Sorguneak-en iritzian, ekonomia alorreko jarduera bat baino zerbait gehiago baita: «Etekin ekonomikoez gain, etekin sozialak eta pertsonalak ere ematen ditu kulturaren kontsumoak: herrigintza bultzatzen du, hiztun komunitate bateko kide sentiarazten du, kulturaren beraren garapen propiorako elikagai sinbolikoa banatzen du, hizkuntzaren beraren gurpila elikatzen du eta pertsona burujabe eta osasuntsuak egiten ditu». Alabaina, euskal kultura egun ez da bere horretan ekonomikoki errentagarria: «Datu objektibo bat da, gaur eta hemen, euskarazko kultura ez dela bere lepotik bizi. Arlo gehienetan da defizitarioa ekonomikoki».
Kultur produktuen zabalpenerako «ikusgarritasuna» lantzea ezinbestekotzat jotzen da. «Egun, ona izatea ez da nahikoa kontsumitua izateko: saldu egin behar da». Jendeari erakutsi behar zaio zer egiten den euskaraz, eta «jakinarazi egiten den hori duina dela, ez dela bigarren mailakoa». Horrez gain, ikerketak enfasi berezia jartzen du euskal produktuen berezkotasunean: «Euskal produktuen erakargarritasuna ez da etorriko kultura handietan egiten den produkzio salgarri baina ez-kalitatezkoa imitatzetik. Produktu berezituak behar dira. Euskarazko produktuek ez dute zertan espainolezkoen mimetikoak izan. Aitzitik, bereizten badira, hobe».
Kultur politikak, zer?
Eta erakundeen kultur politikek nola eragiten diote euskal kulturari? Hainbat galdera egiten ditu Sorguneak-ek. Euskaratik pentsatzen al dira kultur politikak? Euskara sektore bat al da? Adjektibo bat, edota substantiboa da kultura den adina? «Kultur politiken eta euskal dimentsioaren arteko harremana argitzeke dagoen auzi bat da».
Erakundeetako euskara eta kultura sailen arteko banaketak kalte egiten dio euskarazko kultur sorkuntzari, ikertegiaren ustez. «Dibortzio horrek bi irakurketa maltzur sor ditzake: bata, euskaraz sortzen den kultura oso subentzionatua da, dirutza gastatzen da horretan, beste hizkuntzetan ez bezala. Bestea, euskaraz sortzen dena kultura txikia da, ez da benetako kultura».
Euskarazko kultura zentral hartuko duen Euskal Kulturaren Saila beharrezkoa den galderak erantzun argia dauka ikerketan: «Euskararen beraren premien barnetik analisia egitea beharrezkoa da euskara eta euskal kultura jokoan dagoen eremu guztietan. Gure beharretatik formulatu behar dugu bisio bat. Berezitua eta lehentasunezkoa izan beharko luke euskal dimentsio horrek, eta, horrenbestez, Kultura Sailetik egin politikak, ez Euskara Sailetik. Bistan da beharrezkoa dela euskal kulturaren aldeko kultur politika eraginkorra artikulatzea. Beharrezkoa da elkarren osagarri izango diren hizkuntza politika eta kultur politika artikulatzea». Sorguneak ikertegiaren arabera, euskal kulturaren geroa denon artean -banako, giza talde, erakunde...- eraiki beharko da: «Eltzea sutan jartzeko garaia datorkigu berriro».
Kultur jarduerak eta bakoitzaren errealitatea
Sorguneak ikertegiak egindako ikerketaren arabera, oro har, esan liteke euskal kultur produktuak kalitatezkoak eta duinak direla. «Kalitatearen garaira iritsi gara orain: zenbat garen edo zenbat sortzen dugun baino gehiago, garen eta dugun horretan kalitatezkoari lehentasuna nola eman pentsatu behar da». Kultur arlo bakoitzak bere errealitatea dauka, ordea:BERTSOLARITZA
Bertsolaritzak batu egin ditu bertsolaria eta bertsozalea elkarte zibil batean. Hala jokatuta, profesionala eta zalea maila berean jarrita, sormena sustatu du eta publiko aktibo bat sortu du. Biziberritzearen gakoak hiru zutabetan eraiki dituzte: transmisioa (bertso eskolak), hedapena eta sustapena (komunikabideetan sozializatze lana eginda) eta jakintza (ondarea jaso eta ikerketa bultzatu). Eliteko bertsolariek ahots propioa eraiki duten arren, taldetasunaren ikuspegia izan dute, taldetasunaren lidergoa bultzatu dute.
ANTZERKIGINTZA
Taldeek euren kontzientziagatik egin ohi dute euskaraz, ez laguntza publikoen onurengatik. Azken hamarkadetan taldeen militantziak bermatu du euskararen presentzia antzerkigintza profesionalean. Esan nahi baita, eremua bi hizkuntzatan jorratu dela, bata bestetik (kultur politiketan, zirkuituan...) bereizi gabe. Ustez simetria horretan, asimetria linguistiko soziala nagusi denean, gaur da eguna gaztelerazko antzerkia nagusi dena eta euskarazkoa egoera larrian dagoena. Euskarazkoa zirkuiturik gabe geratzen da gaztelerazkoaren bertsioa den guztietan.
LITERATURA
Literatura izan da azken hamarkadetan euskal kulturaren gurdi eta erreferentzietako bat, baina orain ez hainbeste. Kultur industriak garatuen duen eremua da, sortzaileen katea ez da eten, belaunaldi berriak badatozelako. Produktuei bideratutako diru laguntzen politika publikoak industriari lagundu egiten dio ugaritasuna lantzen, eta ugaritasunak, bere horretan, kalitatea ekarri du.
MUSIKA
Industria eratu bat badu edo izan du. Baina sortze prozesu, zirkuitu eta merkaturatze bide alternatibo eta propioak landu ditu, bereziki rock musikaren eremuan, eta kontra-kulturaren esparruan antolatu den azpiegitura sistemari esker.
DANTZA
Ez-berbazko jarduna izanagatik, dantza euskaltasunaren adierazgarri sinbolikoa dela ezin uka daiteke, eta, horrenbestez, euskal kulturaren elikagai. Hala ere, funtzio sozial berriak topatzeko premian dago, bertsolaritzak egin duen moduan.
ARTEA
Ez-berbazko jarduna den heinean (emaitzan bederen), elikagai estetiko eta sinbolikoa izan daiteke. Hala ere, gaur egungo artean, euskara ez ei da ia existitu ere egiten, ez sortzaileen artean, ez akademian, ez kritikaren eremuan, ez erakusketa politiketan, ez katalogazio lanetan.
IKUS-ENTZUNEZKOAK
Antzerkia bezala, merkatuari zuzenean lotutako jarduera bat da, baita laguntza publikoen pentzukoa ere. Merkatuaren presioa bizi du eta horrek eragiten du kultur produktuan. Zinemagintzan ez dago ugaritasunik, bakanak dira euskarazko lanak, jarraikortasunik izan ez delako hamarkadetan barna.
SAREA
Teknologia berrietara, behingoz euskara gainontzeko hizkuntza gehienekin batera iritsi da. Ezin pentsa liteke, hala ere, ez sareak salbatuko duenik euskal kultura, ez eta euskaldun komunitate trinkotu bat ezean euskal kulturak bidea birtualki egingo duenik ere.