Mikel Laboa hil zen egunean elurra egin zuen. Iaz, urtebetera, elurra egin zuen. Bost egun barrurako elurra iragarri dute. Orduko hartan ere, ez dakit zehazki noiz, negutzen hasia zen udazkena. Elur lanbroa ari zuen tren geltokira bila etorri zitzaidanean. Elur lohiak kaos txiki bat sortu zuen hirian. Haren etxeko egongelako leihotik dena zuri ikusten zen, aldiz, lur eta zeru. Nagi argi itsugarri. Atariko belazea aratz, txori saltari baten oin arrastoen urratu txikiak baino ez. Gogoan dena zuri: egongelako horma zuriak, sofa zuria. Apaingarririk apenas. Henry Mooreren eskulturen tapa zuriekiko katalogo bihurritua aldizkarien saskian. Oteiza bat.
Eta Laboa urdinez. Beti moduan, urdin ilunez. Begira. Eskuak magalean elkar lotuta. Grabagailua mahaiaren gainean: «bai, ez, beharbada, horrela zen bai... baina, hala izan zitekeela uste dut, beno, beti ez zen horrela gertatu, ez dakit, beharbada, esan nahi dut... Agian». Agian. Hiruzpalau esaldi elkar josiak, gehienera. Esan nahi du, esan nahiko luke. Erantzungo luke. Galderarik ez balego. Hau ez balitz elkarrizketa bat. Grabagailua amatatuz gero. Hasperen sakon bat egin du karpeta itxi eta grabagailuaren argi gorritxoa itzali denean. Sukaldeko ate atzetik, zakurra zaunka batean, ezezaguna etxean sumatu duenetik.
Eta hasperen egin eta hizketan hasi. Galdetutakoak eta galdetu gabekoak. Honetaz eta hartaz. Lasaitu da. Hitzari dion begirunea. Hainbesterainokoa, hutsean, edonola, edonori edozer edozein moduz ez esateko kezka. Aukeratuak. Ume bereziekin lan egin duenak badaki urre gorria balio duela hitz bakar batek. Badagoela hitz konbentzionalik behar ez duen beste hizkera bat. Laboaren ahots umetu hori eta zakurraren zaunkak, grabagailuaren zintan. Lekeitio bat.
Auzotik paseoan, gero. Zuria hankapean urratzen. Muntto baserrira. Bertako adiskideak agurtu nahi ditu. Bertan askaldu ohi du sarritan. Sukaldean dira aita- semeak. Sagardoa eta urdaiazpikoa. Gu mahaiaren aurrean. Hotz da nonbait, berokiak kendu gabe jaso gaitu argazkiak. Ate bat pegatina politikoz josita, azken 50 urteko herri honen historiaren lekuko. Horiek gabe ere historikoa den tolare-baserria: Bilintx eta Txirrita, Sagastibeltza jeneral karlista. Laboa bat.
Donostiako Udalak baserria eraitsi nahi du. Auzokideak ados ez eta Laboaren eta Ez dok Amairuren topagune-museo bat egiteko proposamena luzatu diote udaletxeari. Zenbat etxe adosatu balio du horrelako egitasmo batek?
Gazteek berekiko begirune berezia izan dute beti. Txerokiak etorri ziren lehenengo. Pena bat aitortu zuen: lehen omenezko disko hartako musikari gazteekin afari bat egin ez izana. Musikari gazteagoenganako begirunea berak ere, zubi bat luzatuz: «Etorkizuna gazteen esku dago, eta nik egindakoak zerbait esaten badie, edo nire musika zerbaitetarako baliagarri bazaie, bada hori pozgarria da niretzat». Txinaurriak etorri dira orain. Hemeretzi musikari eta talde Laboa omentzen. Bi baino ez ditut ezagutzen, zein ederrago: Anariren Antzinako bihotz eta Ruper Ordorikaren Gure bazterrak. Elur lanbro bat.
Elur lanbroa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu