Enkarni Genuak eta Manolo Gomezek sortutako Txotxongillo taldeak 40 urte bete ditu aurten. «1971ko otsailaren 3an Donostiako El Pudri aretoan egin genuen lehen antzezpena, eta harrezkero ez gara gelditu», dio Genuak. Lau hamarkadatan egindako lanak txotxongilo antzerkiko erreferente bilakatu ditu Euskal Herrian. Eta urtemuga ospatzeko, Elurrezko panpina haur antzerkia estreinatuko dute gaur, 18:00etan, Donostiako Amara auzoko Ernest Lluch kultur etxean. Sarrera doan izango da, eta 16:30etik aurrera banatuko dituzte sarrerak, leihatilan bertan.
Genuak aspaldian zerabilen buruan Aitor Amezagak eta biek asmatutako Plist plast elurra abestia. «Beti izan dut kantuaren inguruan zegoen ipuina kontatzeko gogoa, baina urteak pasatu eta ez nuen unea topatzen. Urteurrena aitzakia ezin hobea izan da istorioa emateko».
«Hiru urtetik gorako txikientzako neguko ipuin goxo eta beroa da, elkarrekin jolasten eta eskuzabalak izaten ikasten duten neska-mutil eta elurrezko panpina baten istorioa». Antzerki bihurtu aurretik, disko eta liburu gisa kaleratu zuten kontakizuna, eta oholtza gainean ere musikak leku handia du. Amezagaren abestiei Mozarten eta Hydnen musika gehitu diete, Anne Landa soinu jotzaileak zuzenean interpretatuta.
Ibilbide luzea eta oparoa du bizkarrean Txotxongillo taldeak: guztira 22 lan estreinatu dituzte, eta 15 ipuin liburu eta 21 disko ere plazaratu dituzte.
Arrakastarako osagarriak
Txotxongillo taldearen Erreka Mari, Printze txikia eta Ipurtargi antzezpenak, besteak beste, euskarazko haur antzerkiko ikuskizun klasikoak dira dagoeneko.
Zenbait belaunalditako umeen artean izan duten harrera ona izateako arrazoiak argi ditu Genuak: «Ulergarria, hunkigarria eta dibertigarria izatea da gakoa, eta musika egokiz janztea». Horiexek Txotxongillo taldearen arrakastaren osagarriak.
'Elurrezko panpina' lana estreinatuz ospatuko du Txotxongillok 40. urtemuga
Haurrentzako «neguko ipuin goxo eta beroa» emango dute gaur Donostian, Anne Landa soinu jotzailearekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu