Zinema eta emakumeak

Emakume zinemagileen ikusgaitasuna indartzeko, Noka programa aurkeztu du Jaurlaritzak

Hiru zinema proiektu lagunduko dituzte. Aukeratutakoek Euskal Herriko zein nazioarteko hamabi aholkulariren laguntza jasoko dute.

Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2018ko urriaren 22a
13:17
Entzun

“Zinemagintzan eta, oro har, kulturan arrakala eta disfuntzio handi bat daukagu: emakumeek ez dute izan beharko luketen presentzia”. Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordearen arabera, “herri osoaren kezka” bihurtu behar da errealitate hori. “Ezin dugu datu soil baten gisan ulertu. Arazo bat da, eta, arazoa baldin bada, erantzun egin behar zaio”. Bide horretan aurrerapausoak ematen ari da Jaurlaritza, Muñozen hitzetan, eta euskal emakume zinemagileen “pisua eta ikusgarritasuna handitzeko” laguntza programa abiatu du orain: Noka. Hiru film luze lagunduko dituzte egitasmoarekin, eta Euskal Herriko eta nazioarteko lau adituren formakuntza eta aholkularitza izango dute aukeratutakoek. Gaur ireki dute laguntza programan izena emateko epea, eta abenduaren 14ra bitarte egongo da zabalik. Goizean aurkeztu dute egitasmoa, Bilboko Azkuna zentroan. Muñozekin batera izan dira Maialen Beloki Donostiako Zinemaldiko zuzendariordea eta Aitziber Atorrasagasti Zineuskadiko lehendakaria. Zineuskadik kudeatuko du egitasmoa, eta haren webgunean dago programan izena emateko aukera.

Euskal Kultura Behatokiak 2016an argitaratutako datuak ekarri ditu gogora Muñozek. Izan ere, Euskal Behatokiak egindako azterketaren arabera, zinemagintza ikasketetan matrikulatzen direnen artean %60 emakumeak badira ere, bestelakoa da egoera eremu profesionalean: postuetan gora egin ahala, murriztu egiten da emakumeen kopurua. Ikerketaren arabera, zuzendarien %30 besterik ez dira andreak, eta gidoiak lantzeko Jaurlaritzaren diru laguntza programetara aurkezten direnetatik %19,7. Areago, ikus-entzunezko enpresetan %40,5 dira emakumeak, baina %25 besterik ez daude ardura postuetan. Pixkanaka, egoera irauli nahi du Jaurlaritzak.

Euskal Herriko emakume zinemagile guztiek eman dezakete izena Noka programan, eta orotariko pelikulak aurkez daitezke: fikziozkoak, animaziozkoak eta dokumentalak. “Istorioen originaltasuna, sortzaileen talentua eta proposamenaren nazioartekotzeko ahalmen komertziala” kontuan hartuta erabakiko du epaimahaiak zeintzuk izango diren hiru egitasmo aukeratuak. Jada abian dauden egitasmoak izan behar dutela zehaztu du Atorrasagastik. “Martxan dauden proiektuei zuzendutakoa da”.

Urtebetez, lau emakume adituren aholkularitza eta prestakuntza jasoko du hautatu bakoitzak. Gidoigintzan, zuzendaritzan, ekoizpenean eta nazioartekotzean jasoko dute laguntza. “Oro har, hamabi aholkulari izango ditugu, eta bakoitzak era pertsonalizatuan lan egingo du arloka eta pertsona bakoitzarekin”. Besteak beste, Anahi Berneri zuzendari eta ekoizle argentinarra, Itziar Garcia ekoizlea eta Garbiñe Ortega izango dira aholkularitza lan horretan. Hiru hilean behin, aholkulariak zuzentzen dituzten egileekin bilduko dira, eta bestelako jarduerak egiteko baliatuko dituzte topaketak: eskola magistralak, solasaldiak eta mahai inguruak, tartean. “Ikusgaitasuna eta sentsibilizazio atala landuko ditugu horrela”.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.