«Emakumeak mugitu izanak beste leku baten bila jarri gaitu gizonak»

«Imitazioaren eta estilo propioaren arteko sokatira» du ardatz nagusi Joxean Agirreren 'Zwei Frauen' nobelak

Augustin Zubikarai bekaren laguntza izan du Joxean Agirrek Zwei Frauen (bi emakume) idazteko. GARI GARAIALDE / ARP.
Juan Luis Zabala
Donostia
2011ko urriaren 6a
00:00
Entzun
«Gai nagusia imitazioarena da, edo, pixka bat zabalago esanda, ereduaren eta estilo propioaren arteko harreman, gatazka edo sokatirarena», adierazi du Joxean Agirrek Zwei Frauen (bi emakume) nobela aurkeztean (Elkar). Sortzaileen artean bizi-bizirik dagoen kezka bat da hori, ez bakarrik idazleen artean, haren ustez. «Musikan, pinturan bereziki, bertsolaritzan, arkitekturan… muinean dagoen gai bat da». Lau kapituluk edo imitaziok osatzen dute nobela. Bakoitzak bere kontakizuna du, baina laurak osotasun baten barruan txertatuta daude, imitazioaren gaia ardatz dutela.

Sortzailea orrialde zuri baten aurrean, gora begira, inspirazioaren zain erakusten duen irudi topikoak ez du inondik ere islatzen sortzailearen benetako izaera eta errealitatea, Agirreren ustez. «Gauzak ez dira horrela gertatzen. Eredu batekin borrokan sortzen da normalean, hura parodiatuz, haren karikatura eginez, harekinjolastuz… Eta oso gutxitan gertatzen da norberaren sormenaren jario erraz eta miragarri hori. Egia da horri esker jarraitzen dugula idazten edo sortzen, bihar edo etzi mirari horren lekuko izateko itxaropenak bultzatuta; baina, zoritxarrez, lana tradizio baten gainean, eredu baten gainean egiten da».

Ereduarekiko atxikimendurik eta lilurarik beteenak nerabezaroan gertatzen badira ere, geroago ere gertatzen direlakoan dago idazlea. «Beharbada sortzaile batzuen nerabezaroa asko luzatzen delako izango da, 80 urtera arte ere irits daitekeelako».

Max Frischekiko «idilioa»

Agirrek Max Frisch idazlearekin izan zuen «bi edo hiru urteko halako idilio modukoa» izan du abiapuntu Zwei Frauen (bi emakume) nobelaren idazketa prozesuak. Frischen Zuricheko etxe ondotik pasatu zen Agirre duela hogei urtetik gora, eta postontzian ohartxo bat uztea ere pentsatu zuen, baina azkenean ez zen ausartu, gero damutuko zitzaion beldurrez. Orain, fikzioan sartu du ohartxo hura. «Frischekin bueltaka eta bueltaka aritu nintzen, eta mendekotasun horren berri ematen dut nobelan, luze deskribatuta».

Beste gai bat ere jorratu du Agirrek Frischen imitazio edo kapitulu horretan: egungo gizartean bikote bizitzari zaion beldurra. «Modu grafikoan adierazteko, matrimonioko ohe bat ikusi eta korrika alde egiteko gogo hori. Horretaz hitz egin izan diedanean nire ingurukoei, hori pose literario bat dela esan izan didate, baina ez dut uste hala denik. Uste dut hori agertzen dela literaturan. Narratzaileak bigamia proposatzen du irtenbide moduan. Badakit formula zaharkitua dela hori gaur egun, orain sekuentzia askoz laburragoko harremanak izaten direla. Baina formula klasikoa da, eta protagonista oso ondo moldatzen da horrekin… amaieran gaizki bukatzen duen arte».

Frischen imitazioak edo kapituluak nobelaren erdia inguru hartzen badu ere, haren aurretik beste hiru daude Agirreren liburuan.Lehen imitazioa «gauza arin bat» da, «txiste bat bezalakoa», Agirreren esanetan. Bertrand Moran ingeniaria du protagonista, François Truffaut-en L'Homme qui aimait les femmes filmeko pertsonaia nagusia. «Gizon hau hil zenean, emakume pila bat joan zen hiletara eta gizonezko bakar bat ere ez. Gizon honen kasuak nik 15 edo 18 bat urterekin bizitzari buruz nuen ikuspegia nahiko ondo islatzen zuela iruditu zitzaidan, eta gizon honen halako parodia moduko bat egiten dut. Moranek emakumeak erraz konkistatzen zituen bezala, nire protagonistak ez du ganorazko ezer egiten».

Bigarren imitazioa Fedor Dostoievskiren bizitzaren pasarte «oso polit batean» oinarrituta dago, baina liburuko lau imitazioen artean «traketsena» delakoan dago egilea. «Azkenaldi honetan literatura solemne edo handiustekoaren kontra nabil, baina zati hau justu bekatu horretan erortzen dela iruditzen zait». Hirugarren kapitulu edo imitazioan hainbat idazleren oihartzunak daude. «Baina, hasi eta buka, neure eskua ikusten dela iruditzen zait, neure estilo propio bat». Zati horixe iruditzen zaio egileari liburuko «biribilena».

Lehen pertsonan kontatuak daude nobelako lau kapituluak, eta lauretan gizonezkoa da kontalaria. Kontalariak emakumeentzat duen begirada «gixajo baten begirada» da kasu guztietan, «bere identitate maskulinoa oso zalantzan daukan baten begirada, krisian dagoen identitate baten begirada», egilearen iritziz. «Bere lekua oso argi ez daukan pertsona baten esperientziak kontatzen dira. Azken mende erdian emakumeak egin duen ibilbideaoso handia izan da, eta horrek gizonezkoaren lekuari eragin egiten dio. Gizonak beste leku baten bila jarri gaitu horrek, oraindik aurkitu ez dugun beste leku baten bila».

Ondarroako Udalak emandako Augustin Zubikarai bekaren laguntza izan du Joxean Agirrek nobela idazteko. Ordura arte nobela laburren lehiaketa zena nobela bat idazteko beka bihurtu zuten antolatzaileek iaz, eta Agirre izan zen lehen bekaren irabazlea, Zwei Frauen (bi emakume) idazteko egitasmoarekin. Bigarrenak, aurtengoak, Itxaso Araque izan du irabazle, Damutzen ez direnak nobela egitasmoarekin. Ezeren okerrik ez dela, urtebete barru kaleratuko du nobela hori Elkar argitaletxeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.