Emakumeek garrantzia eta presentzia irabazi dituzte euskal kulturan azken urteetan, bai sorkuntzan, bai ikerketan, eta bai kritikan ere. Antropologia sozialean doktorea, medikuntza lizentziaduna eta EHUko antropologia saileko zuzendaria da Mari Luz Esteban, eta sakonki landu ditu emakumeen eta gizonen rol sozialak. Haren ustetan, emakumeen lanak indarra hartu arren, aurrera egiten jarraitzeko arrazoiak badaude; izan ere, kulturak, tradizioek eta ohiturek bultzatuta, askotan emakumeen lana ikusezina da gizartearen begien aurrean, eta rolen inguruko topikoak ez dira eremu guztietan gainditu. Bere ikerketaren fruituak azaldu ditu Begirada feminista bat euskal kulturari: irakaspenak periferiatik izeneko hitzaldian, Euskal Herriko Bertsozale elkarteak antolatutako Umorez jardunaldietan.
Estebanek uste du ingurune paradoxikoan bizi garela; emakumearen lana defendatu arren, oraindik tradizioari lotuta jarraitzen dutelako gizartearen zenbait sektorek: «Argi utzi nahi dut gizon eta emakume hitzak erabiliditudala norbanako sozialak ordezkatzeko, bereizketa biologikoak alde batera utzita. Berdintasuna lortzeko bidean, aldaketa nabarmenak izan dira euskal kulturan. Horregatik, esan daiteke aldaketen testuinguruan bizi garela, nahiz eta oraindik goiz den aldaketa horien oihartzuna zenbaterainokoa izango den jakiteko. Horregatik, egoera paradoxikoan bizi gara. Aurrerakuntza handiak egin dira, baina oraindik emakumeen inguruko irakurketa partzialak egiten ditugu». Gero eta emakume gehiagok egiten dute lan kulturan, baina, Estebanen esanetan, lan hori ez da behar bezala nabarmentzen. «Emakumeok ikusezinak izaten jarraitzen dugu. Komunikabideek hitz egiten dute emakumeez, esate baterako, Maialen Lujanbio, Ainhoa Arteta eta Edurne Pasaban gisako emakume unibertsalez. Baina, gehienetan, kolektibo moduan edo emakume roletan gara albiste».
Euskal kulturaren barnean dauden emakumeen aitorpen falta sumatu du Estebanek, eta autokritika egitera gonbidatu dio gizarteari: «Uste dugu aurrerakoiak garela, baina emakumeak periferian gaude. Esate baterako, feminismoa kulturaren barnean egon arren, oraindik aparteko gaia dela uste dute askok. Berdin gertatzen da emakumeek egindako literaturarekin, bertsolaritzarekin edo artearekin. Emakumeon lanetan aniztasuna dagoela erakutsi behar dugu».
Aurrera egiteko estrategia
Matriarkatuak, Mariren inguruko mitologiak, dikotomiak eta amatasunak irakurketa asko onartzen dituztela gogorarazi du Estebanek: «Matriarkatuak eta mitoek euskal emakume, ama, sendoa irudikatu dute urte askotan. Amak izan, edo ez izan, sendoak izateari utzi nahi diogu; zaindariaren irudia ezabatu nahi dugu. Uste dut dikotomiak amaitu egin direla, eta botere harremanak modu horizontalean ikusten ditut».
Horrela, emakumeei tokia egin behar zaiela defendatu du Estebanek, eta, horretarako, gizonen parte hartzea ezinbestekoa dela nabarmendu du. «Feminismoa kultura ulertzeko tresna da. Emakumeok gure lekua eduki behar dugu kulturan, eta, horretarako, gizonak isildu egin behar dira, boterea partekatu nahi badute. Denentzako espazioa sortu behar da. Horrez gain, emakumeok autokritika egin behar dugu, eta sortzaile izateko bakardadea beharrezkoa dela ulertu. Horrez gain, euskal kulturaren norabidea ezagutzeko, interesgarria litzateke gizonen inguruko azterketa antropologikoa egitea».
Emakumeen lekuaren bila
Euskal kulturan emakumeek eta gizonek duten tokiaz mintzatu da Mari Luz Esteban antropologia sozialean doktorea Bertsozale elkarteak Villabonan antolatutako Umorez jardunaldietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu