Zac Harmonek aitortu zuen behin 100.000 dolarreko publizitate kontratu bat sinatzea baino hobea zela Memphiseko (AEB) International Blues Challenge lehiaketa irabaztea. Bluesman baten hitzak, bluesaren sorterrian jokatzen den blues taldeen lehiaketa sonatuari eskainitakoak. Horren 28. aldian parte hartu du orain gutxi Travellin' Brothers Leioako taldeak. «Esperientzia izugarria izan da», adierazi du Aitor Cañibano gitarra jotzaile eta abeslarietako batek. Bluesaren sorterrian egon dira, ematen bezala, hartzen. Pozik egoteko beste motibo bat ere badaukate, taldeak orain gutxi haren laugarren diskoa kaleratu baitu. Big Band (Hotsak) dauka izena, big band-en formatuarekin, 16 musikarirekin, grabatu baizuten, zuzenean, joan den ekainean Leioan bertan. DVD bat ere badauka lan horrek.
Etxetik urruti ibili dira, ordea. «Astebete pasatu genuen Memphisen, eta joan den otsailaren 6an itzuli ginen handik». Hondarribiko Blues Jaialdiaren Road to Memphis lehiaketan lortu zuten han, urruti, jotzeko txartela. «Guretzako aurrerapauso handia izan da». Mundu guztiko 200 talde aritu dira lehian. «Bluesaren eta rockaren sorterrian jotzea oso garrantzitsua da guretzat». Lau zuzeneko eman dituzte Memphisen guztira; 40 minutukoa bakoitza. Aurrenekoa, lehiaketaren irekiera emanaldian. «3.000 bat pertsona geneuzkan aurrean». Besteak, aldiz, final-laurdenetako biak, eta finalerdietakoa. «Finalerdietan 35 taldek jo genuen, eta finalerako hamar sailkatu ziren; hamarrak, AEBtakoak».
Cañibanoren ustez, «oso berezia» da jaialdia. «Lehen mailako taldeek, BB King, Eric Clapton eta halakoek, adibidez, ez dute parte hartzen, baina bigarren mailako onenak bai, han biltzen dira». BB King klubean, esaterako. «Han jo genuen lehen kanporaketan. Oso une polita izan zen. Horrekin bakarrik gogobeteta gaude. Oso ondo hartu gintuzten. Lehen abestitik hasi ziren txaloka han zeuden 300-400 ikusleak». Eta emanaldi bakoitza bukatutakoan, jendea hurbildu zitzaien. Zoriontzera, batetik. «Bestetik, haien klubetara jotzera joateko eskatu zigun jendeak. Kontaktuak badauzkagu. Horrek esan nahi du gauzak nahiko ondo egin genituela». Ematera eta hartzera, hortaz, Memphisera.«Hilabete batzuk barru» saiatuko diraAEBetan bira bat egiten. «Chicagoko eta New Orleanseko zenbait klubekin hitz egin dugu. Dena ondo ateratzen baldin bada, laster han egongo gara berriro. Ea urtean behin hara joateko aukera daukagun!».
Harrituta geratu dira han musika «bizitzeko» daukaten moduarekin, eta harrituta, aldi berean, beste kontu batekin. «Finaleko taldeen artean, uste dut abeslari bakarra zela beltza; eta baxu jotzaile bakanen bat, agian». Izan ere, Cañibanoren iritziz beltzek «beste soinu bat» dute. «Berezia. Erritmoa edo…. Zuriak, agian, teknikoagoak gara. Beltzak, aldiz, beroagoak. Barruan daramate soula eta bluesa. Argi dago».
Oraingoz, baina, hango kontuak ahaztu beharko dituzte. Izan ere, lanpetuta daude Big Band diskoa ezagutarazten. Cañibanok badaki, ordea, ez dela «ohikoa» gaur egun halako disko bat ateratzea. «Uste dut lehen aldia dela Euskal Herrian halako blues big band handi bat osatzen dela». Eta are «kuriosoagoa» krisi garaiotan egitea. «Musikan ere jendea saiatzen da taldeak murrizten; bost kidetik, adibidez, hirura pasatzen». Haiek kontrakoa egin dute: sei kidetik 16ra. «Aspalditik geneukan buruan ideia hau. Taldea sortu zenetik, 2003tik, kontzertu mordoa eman dugu (350etik gora), eta horien dirua gorde, halako amets bat gauzatu ahal izateko». Horregatik, «pozik». Haien talde «kutunak» big band-ak direlako ere bai. «Ikusi nahi genuen, gainera, non dagoen gure muga. Musikari hobeak izaten saiatzen gara disko bakoitzean. Bluesaren barruan ñabardurak bilatzen. Ez dugu ezer berria asmatu, badakigu, baina jendeari gauza berriak eman nahi dizkiogu».
Kontzertuak, adibidez, ez dira arruntak. «Ikuskizun handi bat iruditzen zaigu: bai musikalki, bai bisualki. 16 musikari agertokian ikustea polita da, eta den-denok daukagu gure momentua agertokian». Uste du jendea ez dela aspertzen, «gauza asko gertatzen direlako, ezusteak daudelako». Sei kontzertu jada lotuta dauzkate big band moduan, 16 musikariekin, baina bestela ere seikote moduan jotzen jarraituko dute, «beti bezala». Ematen, eta hartzen. Bluesaren sorterrian, edo handik urrun.
Ematera eta hartzera
Travellin' Brothers taldeak 'Big Band' diskoa kaleratu du, eta Memphisko Blues Challengean jo oraintsu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu