Zinema

Emilie Jouvet zinemagileak jasoko du Ohorezko Saria Zinegoak jaialdian

Zinema zuzendari frantziarraren zinema “lesbiko”, “esplizitu” eta “politikoa” saritu nah izan dute jaialdiko ordezkariek

EmilieJouvet zinemagilea. ZINEGOAK
Inigo Astiz
2018ko urtarrilaren 30a
13:12
Entzun

Erreminta politiko gisa darabil sexua Emilie Jouvet zinemagileak bere lanetan, eta, besteak beste, esfortzu hori saritu nahi izan dio Zinegoak jaialdiak. Horregatik emango diote aurtengo Ohorezko Saria zuzendari frantziarrari. 2004an jarri zen martxan Bilboko gaylesbotrans zinema eta arte eszenikoen jaialdia, eta Jouveten lana omentzea erabaki dute aurten, zehaztu dutenez, bere lanaren bidez emakumeen gorputza eta euren intimitatea “borrokarako tresna” bihurtu dituelako.

Zinemagilearen militantzia ere nabarmendu du jaialdiak. Parisko Arte Ederretako Eskolan egin zituen ikasketak Jouvetek, eta argazkilari eta zuzendari modura egin du lan, baina ekoizle lanetan ere ibili da. Bere lanetan sexu askatasuna eta aniztasuna aldarrikatzen duela ere zehaztu du jaialdiak, eta bere lanak berak ekoitzi behar izan dituela ere bai.

Sexu esplizitua

2006an aurkeztu zuen bere lehen lana: One Night Stand, eta nazioarteko hainbat sari jaso zituen hari esker. 2009an zazpi performerrekin Europan tour bat antolatu zuen sexu esplizitua zuen ikuskizun bat eskaintzeko. Eta, hain zuzen ere, bidaia hartan oinarrituta sortu zuen bere bigarren lana: Too much Pussy!. Zinema komertzialetan txoko bat ere lortu zuen lan horri esker.

2016an aurkeztu zuen Aria pelikula, eta bertan emakume lesbianek laguntza bidezko ugalketa egiteko dituzten trabak azaldu zituen. My Body My Rules aurkeztu zuen iaz, eta, hain zuzen, ere zuzendariaren azken bi lan horiek proiektatuko dituzte Zinegoak hasi baino lehenagorako antolatutako aurre-jaialdian. Otsailaren 14tik 17ra bitarte hainbat proiekzio eskainiko dituzte aurre-jaialdi horren barruan, eta tartean izango dira Jouveten filmak. Zuzendaria bera ere egongo da, gainera, proiekzio horietan. Otsailaren 20an masterclass bat ere eskainiko du Bilbao Arten.

Berez, otsailaren 19an jarriko da abian jaialdia, eta Inaugurazio Ekitaldian jasoko du zuzendariak Ohorezko Saria. Martxoaren 4ra arte iraungo du Zinegoak-ek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.