Emozioak egosten

Low taldeak 'C'mon' azken diskoa aurkeztuko du gaur Donostiako Kursaal aretoan

Igor Susaeta.
Donostia
2012ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Low da, besteak beste, David Bowiek 1977an kaleratutako disko baten izena. Eta REMen Out of Time lan laudatuko abesti bat. Quebec inguruko herri bat ere bada Low. Eta talde bat. Duluth hirikoa, Minnesota (AEB) estatu hotz-hotzekoa. Baina, hangoa izanda ere, Low bere doinuekin gai da pertsonarengan emozioak sortzeko, instrumentazio minimalista erabilita, doinu geldo antzekoak landuta, baina horiei intentsitate handia emanez aldi barean. Poliki egosten dituzte sentimendu horiek Mimi Parkerrek (perkusioak eta ahotsa), Alan Sparhawkek (gitarra eta ahotsa) eta Matt Livingstonek (baxua) osatutako hirukoak. C'mon azken diskoa (Sub Pop, 2011) aurkeztuko dute gaur Donostiako Kursaal aretoko auditoriumean (20:00).

Ia pasatu dira hogei urte aurreneko lana kaleratu zutenetik —I could live in Hope (Vernon Yard, 1994)—, eta gaur aurkeztuko dutena bederatzigarrena da. Duluthen bertan grabatu zuten, eliza baten barruan atondutako estudio batean, Sacred Heart Studion, eta iazko apirilean argitaratu. Sparhawkek esan izan du haraino oinez joan daitekeela eta oso erosoa egiten zaiola. Gainera, iruditzen zaio toki egokia dela: «Pertsonak elizara joaten dira beren beldur, ardura eta itxaropenekin. Eta hori senti dezakezu. Beraz, toki ona da grabatzeko». Sparhawk eta Parker ezkonduta daude, eta haiek dira taldearen sorreratik jarraitzen duten bakarrak. Bien ahotsen artean sortutako harmonia dramatiko bezain erromantikoak dira, hain zuzen, taldearen bereizgarri nagusietako bat. Azken urteotan baxu jotzailea aldatu izan dute tarteka, eta 2008tik Livingston dabil haiekin jotzen.

Azken diskoari dagokionez, Sparhawki iruditzen zaio «ezberdina» dela aurrekoarekin konparatuta —Drums & guns (Sub Pop, 2007)—: «Eduki politikoa zuen, haserrekeria, eta biolentziari buruzko iruzkinak». Baina hura bukatutakoan, aldatzen saiatu ziren: «Beharbabada muturreko norabidea hartu genuelako, ez dakit, sentsazioa nuen hurrengoa, edozein modutakoa izanda ere, kontrakoa izango zela: lasaiagoa eta intimoagoa».

Eta disko biribila ondu dute slowcore delakoaren aita-ama pontekoek —haiek ez dute gogoko slowcore hitz hori—. Hamar abesti guztira, Lowren zigilua dutenak. Noten artean sortzen dituzten hutsuneetan azaleratutako emozioak, abestien garapen geldo baina intentsoa, konposizio leunak, eta pieza gordin bezain ederrak, oso ederrak. Azken diskoan badira bizpahiru harribitxi. Horietako bi, Especially me eta $20biluzi bezain gordina —my love is for free leloa duena—, maitasunaz mintzo dira. Sparhawkek aitortu du Lowren bere abesti kutunenetako bat dela, kutunena ez bada. Eta bi horiekin batera, Nothing but Heart Mendebalde Urruneko ahaireak dituen garapen luzeko rock abesti klasikoa. Kursaalean, isiltasunean, taldearen beste klasiko batzuekin ere —Monkey, Sunflowers, Silver Rider...— gozatuko dute bertara bilduko direnek. Bigarrenez joko du Lowk Euskal Herrian. 2004ko azaroan Bilboko Kafe Antzokian aritu zen. Orduan ere, emozioak egosten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.